Finala Kanaria Handian
Beharrak gabeziak baino askoz handiagoak
Zazpi jokalari min hartuta ditu, baina Real Unionek beharrezkoa du garaipena itxaropenari eusteko.
GARA | IRUN
Edozein talde profesionalentzat, partida bati zazpi jokalari jokatu ezinik izanda aurre egin behar izatea oso zaila da, are gehiago Real Union bezalako talde txiki batentzat eta zer esanik ez jaitsiera postuetan egonik. Gabarain, Seguro, Maric, Sergio Francisco, Duran eta Montoro gabe jokatu beharko dute gaur Iñaki Alonsorenek Las Palmasen, baina irundarren beharra hain da handia, ez baitute garaipena ez den beste ezertan pentsatzerik.
Elxeren aurka Galen denboraldiko ia inoizko itxurarik eskasena eskaini ostean, zuri-beltzak burua altxatzera eta orain bi aste Vigon egin bezala etxetik kanpo irabaztera behartuta daude mailari eusteko aukerak mantendu nahi badituzte. Helburua lortzeko, aurkariaren atearen aurrean gehiago asmatu beharko dute, baina batez ere atzean aurreko astean izandako akatsak ez errepikatzea izango da giltza.
Irungoek bi egun daramatzate Kanarietan taldearen etorkizunerako funtsezkoa den partida prestatzen eta hamaikakoaren inguruan ez da berrikuntza nabarmenik espero. Itxuraz, Zuhaitz Gurrutxagak beteko du Gabarainen lekua eta Sanz hamaikakora itzul daiteke, aurreko astean Elxeren aurka partida bateko zigorra bete ostean.
Entrenatzaile berria
Las Palmasen egoera irundarrena baino hobexeagoa da, baina azken emaitzek urduritasuna piztu dute kanariarren artean eta ezinegon horrek entrenatzailez aldatzera eraman ditu afrikarrak. Paco Jemez Deportivoko atzelari ohiak hartu du Sergio Kresicen lekua azken bost partidetan lau puntu baino bildu ez dituen taldean. 37 punturekin, Las Palmas 17. dago sailkapenean, jaitsiera postuekiko pi puntuko koltxoia baino ez du eta, hortaz, Real Unionek arazo latzetan sar dezake azken hiru partidak galdu dituen taldea.
Kanariarren entrenatzaile berriak ez du inolako arrastorik eman gaur aterako duen hamaikakoaren inguruan.