GARA > Idatzia > Kultura

Fermin Etxegoien eta Juanra Madariaga saritu ditu kritikak

Urtero banatzen diren Kritika Sariak atzo eman zituzten jakitera. Euskarazko lanen artean, Fermin Etxegoienenen «Autokarabana» nobelarentzat izan da narratiba saria eta Juanra Madariagaren «Eroriaren logika» lanarentzat, berriz, poesia saria.
p058_f01_97x148.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Bere lehenengo nobelarekin lortu du Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) kazetari, gidoigile eta idazleak Kritika Saria. Euskarazko narratiba lanik onena izan da «Autokarabana» (Pamiela), Estatu espainiarreko literatur kritikarien elkarteak (AECL) atzo ebatzi zuenez. «Sorpresaz hartu dut, noski», azaldu zion idazleak Garari, «Javier Rojok (epaimahaikidea) deitu dit goizean telefonoz».

Emaztearengandik banandu eta herri bateko kooperatiban lan egiten du liburuko protagonistak eta eguneroko bizipenak, esperientziak eta arazoak kontatzen ditu lehen pertsonan. Javier Rojoren esanetan, «egungo euskal gizartearen erretratu fidela da» nobela, «modu ironiko eta desmitifikatzailean» idatzitakoa.

Etxegoienek bat egin zuen Rojoren hitzekin, baina, azaldu zuenez, «errealismo gogo bat egon da nire aldetik nobela hau idazterakoan. Ez dakit errealismo gogo horrek derrigorrez esan nahi ote duen desmitifikatzaile izan behar duenik. Nik ez dut uste desmitifikatzea beharrezkoa denik, nire asmoa ez zen ezer desmitifikatzea, baizik eta inguruan sentitzen eta ikusten dudanaren berri ematea».

Autobiografikoa ez den arren, protagonistak egilearen beraren ezaugarri ugari ditu. «Neurri batean bada, baina neurri batean baino ez. Fikzio handia dago nobela honetan, muturreko errealismoa dagoen bezala. Agertzen diren egoera, ezaugarri, pertsonaia edo tramak, batez ere, muturreko fikziozkoak dira. Beraz, bata zein bestea».

«Neurona eta zeurona»(Pamiela, 2003) saiakera izan zen Etxegoienen aurreko lana eta, bertan, «hizkuntzaren indar estetikoaz hausnarketa» egiten zuen. Orain ETBko «Kalaka» saioan ari da gidoilari lanetan eta Gaztea irratian «Ekaitz Perfektua» saioarekin jarraitzen du.

Sariak indarra ematen diola aitortu zuen, baina oraingoz behintzat, ez du beste nobelarik idazteko asmorik. «Motibazio handia ematen du idazten jarraitzeko, baina lan handia da eta horretarako gogoa, deliberamendua eta denbora behar da. `Autokarabana' lan modura hartuta idatzi dut, ez da tarte libretan egindako lan bat, egunero neure burua derrigortuta egina baizik. Diziplina handiz idatzita dago. Oraingoz atsedenaldian nago».

Poesian, Madariaga

«Eroriaren logika» (Susa) izan da euskarazko poesia libururik onena, kritikaren ustez. Juanra Madariagak (Bilbo, 1962) bizitzako jausialdiez dihardu liburu honetan eta honakoa nabarmendu zuen Rojok: «Poetaren eboluzio baten modukoa da, estetizismo formaletatik urrundu eta ideia eta irudien kontrajartzea ardatz duena».

Madariagak liburu mordoxka argitaratu ditu poesian eta 1993. urtean, «Neguko antzarrak» narrazio lana ere idatzi zuen elkarlanean. Kazetari lanetan aritzen da, baina, egun, Himalaian dabil, Shisha Pangma igotzeko ahaleginetan. Bidalitako azken informazioen arabera, 5.000 metrora igo dira dagoeneko. Espedizioaren nondik norakoak http://everestmendia.blogspot.com helbidean aurki daitezke.

«AUTOKARABANA»

Epaimahaikideen ustetan, Fermin Etxegoienen lana «egungo euskal gizartearen erretratu fidela da, modu ironiko eta desmitifikatzailean egina».

Sariak

Euskaraz: Fermin Etxegoien: «Autokarabana» (narratiba) / Juanra Madariaga: «Eroriaren logika» (poesia).

Gaztelaniaz: Andres Neuman: «El viajero del siglo» (narratiba) / Francisco Ferrer Lerin: «Fámulo» (poesia).

Katalanez: Francesc Seres: «Contes russos» (narratiba) / Carles Miralles: «L´ombra dels dies roja» (poesia).

Galegoz: Xabier Quiroga: «O cabo do mundo» (narratiba) / Luz Pozo Gaza: «Deter o día cunha flor» (poesia).

Andrés Neuman, coronado en narrativa

«El viajero del siglo» -ganadora del Premio Alfaguara en 2009-, del escritor argentino Andrés Neuman se llevó el Premio de la Crítica en la modalidad de narrativa. José María Pozuelo Ybanco, miembro del jurado, destacó «su gran dimensión reflexiva sobre la música, la literatura y el pensamiento» y auguró que «será una obra referencial de la literatura española».

En cuanto a poesía, «Fámulo» (Tusquets Editores), del barcelonés Francisco Ferrer Lerín, fue reconocido por «el valor de renovación en el panorama actual y por su riqueza de estilos y temáticas», según la miembro del jurado Olivia Rodríguez, quien declaró que el «estilo fresco» del poeta lo acercará a nuevos lectores «fuera de los círculos literarios dominantes».

El Premio de la Crítica en narrativa catalana fue para Francesc Serés, con la obra «Contes russos» y en poesía el galardonado fue «L'ombra dels dies roja», de Carles Miralles.

Por su parte, los triunfadores en la modalidad de lengua gallega fueron, en narrativa, «O cabo do mundo», de Xabier Quiroga y, en poesía, «Deter o día cunha flor», de la poeta Luz Pozo Gaza.

EFE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo