Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko tratu zuzena Ortzaizeko Kaiku Bordan
GARA |
Kalitatezko mozkinak zuzenean salgai dira atzoz geroztik Ortzaizeko merkataritza eta jarduera gunean, Nafarroa Behereko zortzi laborarien ekimenari esker.
Laborantza eredu iraunkorrari lotuta, gehienak Idoki edota ekoizpen biologikoen sareen barne dira. Kontsumitzaileari bertako etxe-mozkinak eskaintzeaz gainera, beren lanari ahalik eta etekin handiena ateratzea dute helburu Kaiku Borda salgunean bildu diren ekoizleok. «Hemengo laborantza salbatzeko modu bat» dela adierazi zuen, Mixel Ozafrainek.
Donibane Garaziko bidean, errepidearen parean dagoen gunea hautatu dute denda ezartzeko. Duela urte batzuk, bailarako ekonomia sustatzeko, gune hori sortu zuten hainbat artisauk. Hasierako sustatzaile nagusiari, Goikoetxea zeramikagileari hain zuzen, alokatu diote lokala. «Gure proiektua gune horren dinamikan sortu eta garatu da», gaineratu zuen Bankako laborariak.
Bertakoak eta kanpokoak
Inguruko jendea hurbilduko zaiela ziur badira ere, kanpoko bezeroak erakartzeko ahalegin berezia eginen dute. Horrela, uda partean, astean behin ekoizleen etxalde bat bisitatzeko aukera izango da. Bertan, produktuaren ekoizpen prozesua erakutsiko diote bezeroari eta, aste horretan, mozkina bereziki nabarmenduko dute saltokian. Eskaerak egin eta postaz igortzeko aukera ere emanen dute.
Ossau-Irati sormarkako hiru etxaldetako ardi-gaztak, behi-gazta, euskal txerriaren haragi freskoa eta xingarra, ahatekiak, behi-esneki freskoak eta kiwi-konfiturak dira laborariok ekoizten dituzten produktuak.
Alta, ez dituzte mozkin horiek soilik salduko; lurraldeko beste ekoizleen hainbat mozkin ere bertan erosterik izango baita, besteren artean, Irulegiko arnoa, eztia, Ezpeletako piperrak eta mota askotariko erreximentak.
Hil honetan arratsaldez soilik irekiko da Kaiku Borda, baina ekainetik irailera, egunero (igandeetan izan ezik). Ozafrainek eta bere kideek ilusioz ekin diote proiektuari eta hasierako inbertsioak estaltzeko adinako emaitzak laster jasotzea espero dute.
Iaz salmenta saio batzuk egin zituzten. Orduan, laborariek txandaka artatzen zituzten bezeroak dendan. Aurten, ordea, langile bat kontratatu dute.