GARA > Idatzia > Mundua

Thailandiako agintariaren proposamena «serio» aztertuko dute «alkandora gorridunek»

Duela hilabete eta erdi Thailandia hankaz gora utzi zuen krisi politikoari irtenbidea emate aldera, bidai orri bat aurkeztu du Abhisit lehen ministroak eta hori «sakon» aztertuko dutela esan dute oposizioko kideek.

p023_f02_148x088.jpg

GARA | BANGKOK

Demokraziaren aldeko eta Diktaduraren aurkako Fronteko (UDD) buruzagietako batek, Jatuporn Prompanek, ordu batzuk lehenago Abhisit Vejjajiva lehen ministroak aurkeztutako proposamena «serio» aztertuko dutela esan zuen. Proposamenak martxoaren erdialdean Thailandian sortu zen krisi politikoa konpontzea du xede.

«Proposamena sakon eztabaidatu ostean erabakiko dugu zein izango den gure jarrera. Ezin diogu zuzenean baiezkorik edo ezezkorik eman», azaldu zuen.

Thailandiako gobernuburuak telebistan igorritako mezu batean aditzera eman zuenez, hainbat baldintza beteko balira, prest leudeke azaroaren 14rako hauteskundeak antolatzeko.

«Ziur naiz gure jendartearen berradiskidetzea ez dela asko berandutuko eta, hori gertatutakoan, azaroaren 14an bozak deitzeko prest da Gobernua», esan zuen.

Bost baldintza

Bete beharreko bost baldintzen artean, monarkiarekiko errespetua galdegiten du lehenak. Gainera, «injustizia egitura ekonomiko eta politikoetatik kanporatzeko nazio erreforma» bat egiteko konpromisoa hartzen du, hezkuntza eta osasungintza hobetzeko.

Hirugarrenik, «komunikabideek modu eraikitzailean jardutea bermatuko du» eta, laugarrenez, batzorde independente bat eratuko du, apirilaren 10ean 27 hildako eta 10.000 zauritu eragin zituzten istiluak argitze aldera.

Azkenik, «Gobernuak neurriak hartuko ditu iritzi publikoak sistema politikoaz zein iritzi duen aztertzeko, bereziki azken urteotan gertatu dena, eta sor litezkeen arazoei aurre egiten saiatuko da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo