GARA > Idatzia > Kultura

Joxan Ormazabalen heriotzak ezustean hartu du euskal kultura

Igande gauean aurkitu zuten idazlearen gorpua Oartzuza mendialdean, 260 metroko sakonerako zulo batean. Ezbeharrak harridura eta samina eragin du euskal kultura arloan. Ormazabalen gertukoek atzo aipatu zutenez, azken egunotan ez zioten jarrera arrarorik antzeman.
p041_kultura.jpg

O. LARRETXEA | DONOSTIA

Joxan Ormazabal, 61 urteko idazle eta editore zegamarra, hil da. Antza, gertaera igandean jazo zen, familiak Ormazabalen dei bat jaso ostean. Gertuko iturriek atzo adierazi zutenez, senideek SOS Deiak eta Ertzaintzari deitu zioten, idazlea Oartzutza mendialdeko zulo sakon batean topatuko zutela ohartarazi, eta bertatik ateratzeko laguntza eskatzeko. Hasiera batean, hildakoaren nortasuna zabaldu ez zuten arren, atzo goizean ofizialki baieztatu zuten 200 metroko sakoneran hilik aurkituriko gorpua Joxean Ormazabalena zela.

Zegamako mendialdean dago Oartzuza, eta Madril eta Irun elkartzen dituen trenbidearen hiru kilometroko tunela dago azpian. Hain zuzen, tunel hau eraiki ahal izateko eta lurra kanpora atera ahal izateko, sakonera handiko hamar zulo inguru egin zituzten mendian. GARAk jakin ahal izan zuenez, horietako batzuk itxita dauden arren, beste batzuk zabalik daude, begi bistan, zementuzko plataforma batez inguratuta.

Bilaketa lanak eguerdian hasi zituzten, baina astelehenean, 02.30 aldera, atera zuten gorpua zulotik. Ertzaintzak atzo jakinarazi zuenez, bilaketa hasieran 100 metroko sakoneran egin zuten, baina gorpua ageri ez zela ikusita, beherago jo zuten. Azkenean 200 metroko sakoneran topatu zuten Ormazabalen gorpua.

Haurrentzako idatzi zituen liburuengatik zen ezaguna Ormazabal txikien artean. Idazle izan aurretik Zarauzko Salbatore Mitxelenan irakasle jardun zuen, eta hortik etorri zitzaion haurrentzat idazteko grina eta zaletasuna: «Argi dut irakasle izan ez banintz, ez nukeela ipuinik idatziko, Zarauzko ikastolan mundu bat deskubritu nuen», adierazi zuen orain gutxi «Argia» astekarian elkarrizketa batean.

Bere lan ospetsuenen artean «Pernando Amezketarra»-ren egokitzapena dago, baita «Margolin», «Patxibusa» edota Mariasun Landarekin batera kaleratu zuen «Kaskarintxo» ipuina. Azken lana, «Ehun ipuin hitz gutxitan» izenburu duena, iragan ostegunean aurkeztu zuen Donostian.

Idazle lanak Elkarren editore betebeharrarekin uztartu zituen. Orain urtebete erretiroa hartu zuen arren, sortzaile nekaezina zen: «Gutxi samar ari naiz produzitzen -zioen elkarrizketa berean-, baina beti daukat buruan kateatzen zaidan zerbait: argumentu bat, pertsonaia bat...».

Tolosan bizi zen emaztearekin batera, eta bi semeren aita zen. Elizkizuna gaur izango da, arratsaldeko seietan Tolosako Santa Maria elizan.

«Zauden lekuan izan zaitezela zoriontsu»

«Joxean beti ageri zen umoreko; pertsona alaia zen, irribarretsua eta irribarrea eragiten zuena, langile amorratua argitaletxe barruan eta kanpoan. Baina batez ere lagun handi bat, beharrean aurkitzen zenari beti laguntzeko prest zegoena, eskuak beti zabalik zituena. Horixe zen Joxan, eta harrituta gelditu gara», adierazi zuen atzo samindurik Txantxon Zubeldia Ormazabalen lankide eta lagun minak. «Urtebete zen erretiroa hartu zuela -erantsi zuen- eta oraintxe, bizitzaren ederrenean zegoenean, horrelako heriotza izanda, sinistu ezinik gelditu gara».

«Aurreko batean entzun nion ipuinak beti ondo bukatzen zituela, amaiera zoriontsuak ematen saiatzen zela, berak horretara ohitu gaitu, eta orain Joxanen amaiera bestelakoa izan da... gainera oraintxe idatzi du azken liburua. Ostegunean bertan telefonoz hitz egin nuen berarekin eta ondo zegoen, nik behintzat ez nion ezer arraroa nabaritu. Orain zoriontsua izan dadila dagoen lekuan».

Zubeldiaren aburuz, ihes egitea da buruak nahi izaten duena, baina zenbat eta lehenago heldu errealitate hori hobe izaten dela. «Joxanek hori erabaki badu, pentsatzen dut ez duela pentsatu inguruan zer negar utzi dituen eta zer errealitate garratza utzi duen. Horren kontziente izan balitz pentsatzen dut ez zukeela egin duena egingo. Berak izango zituen bereak, baina dagoen lekuan lagun gaitzala, dagoen lekuan, besarkada handi bat bidaltzen diogu. Joxan oraindik hemen ibiliko da, eta esan beharko diogu: `Zauden lekuan izan zaitezela zoriontsu,orain arte izan zaren bezala. Gu beti gogoratuko gara zurekin'».

O.L.

ELIZKIZUNA

Elkarrek atzo jakinarazi zuenez, Joxan Ormazabalen gorpua Tolosako Usabal auzoko beilatokian izango da 10.30ak arte. Elizkizuna arratsaldeko seietan izango da Santa Maria parrokian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo