Juan Larrea poetaren hitzaldia izango da Bidebarrieta kulturgunean
GARA | BILBO
Orain hogeita hamar urte erbestean hil zen Juan Larrea poeta eta pentsalari bilbotarrari buruzko hitzaldi-solasaldia izango da bihar 19.30ean Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Bertaratzen direnei Estatu espainiarreko abangoardiako poesiaren ordezkari garrantzitsuena izan den poeta eta pentsalariaren biografia eta lana hurbilduko zaie.
Ekitaldian parte hartuko dute Jose Fernandez de la Sota poetak, Julio Flor kazetariak eta Carmen Bereziartua rapsodak, eta Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, sarrera doakoa izango da.
Bilbon jaio zen Juan Larrea, 1895ean, eta oso gaztetan hasi zen kreazionismoaren poesia mugimenduan, Gerardo Diegoren poesiak inspiratuta. Gero abangoardismora hurbildu zen, Cesar Vallejo eta Vicente Huidobro bezalako poeta hispanoamerikar garrantzitsuekin izan zuen adiskidetasunari esker. Denbora luzez Parisen bizi izan zen eta, Gerra Zibil espainolaren ondorioz Mexikon, AEBetan eta Argentinan egon zen erbesteraturik. Azken honetan, Argentinan, hil zen 1980an.
Poeta abangoardista
Poeta gisa eman zituen lehen pausoek etorkizun handia erakusten bazuten ere, erbestean izan zenez Estatu espainiarrean ia ezezaguna izan zen. Hala ere, 1960ko hamarkadaren amaieran, surrealismoaren eta abangoardienganako interes berriaren ondorioz Larrearen lan poetiko osoa argitaratu zen.
Larrearen lan poetikoaren ezaugarri nagusia diskurtsoan erakusten duen irrazionalismo erradikala bada ere, beti ere sintaxi argia eta gardena erakusten du eta sarri bere bertsoak logika berezikoak dira.
2007an, Renacimiento argitaletxeak «Ilegible, hijo de flauta» lana argitaratu zuen, Larreak eta Luis Buñuelek, Larrearen jatorrizko kontakizun batean oinarrituta, elkarrekin egin zuten zinema gidoia. Azkenean baina, bi egileen arteko tirabirak medio, ez zen zinemara eraman.