GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

21 puntuko aldea, matematikei arrazoia emateko

Bizkaitarrek Kanaria Handia hartuko dute gaur Bizkaia Arenan. Katsikarisen taldeak garaipena behar du play offetan sartzeko aukerei eusteko.

GARA | BILBO

Igandeko porrotak min handia egin dio Bilbao Basketi, ACBko play offetan sartzeko lehian baitabil Fotis Katsikarisek zuzentzen duen taldea. Gaur, ordea, Estudiantesen aurkako hanka- sartzea ahaztu, eta Kanaria Handiari 20 puntu baino gehiagoko aldeaz irabazi behar dio, matematikoki liga irabazteko lehiatuko diren zortzi taldeen artean egon ahal izateko. Atzeratutako neurketa hau 20.15ean hasiko da Bizkaia Arenan.

Espero ez bezalakoa izaten ari da aurtengo denboraldia. Hiru txapelketa jokatzeak -Kopa, Eurocup eta ACB- nekea ekarri dio taldeari, baina lehen itzuli kaskarra aspaldi gainditu dute bilbotarrek. Izan ere, jaitsiera postuetan egotetik, hilabete gutxi batzuen buruan, play offak jokatzeko aukerak izatera pasatu dira.

Eta hori lortuz gero, gainera, marka berri bat egingo lukete bizkaitarrek, lehen itzulia jaitsiera postuetan amaitu duen talde batek ez baitu inoiz liga erregularrean lehen zortzi sailkatuen artean amaitu.

Horretarako, etxean jokatu beharreko bi neurketa jarraiak aprobetxatu behar zituzten bizkaitarrek. Baina, lehenengo aukera hori galdu ostean, gaurkoan, garaipena lortzeaz gain, 20 puntu baino gehiagoko aldea atera behar diote Kanaria Handiari. Irabaziz gero, garaipen bakarrera jarriko litzateke Katsikarisen taldea. Kanariarrek euren azken neurketa galdu beharko lukete.

Ez da helburua erraza, eta Katsikaris ere ezkor agertu zen igandean: «Matematikoki aukerak badira, baina errealistak izan behar dugu». Greziarrak ezin izango du Javi Rodriguez ehuneko ehunean baliatu, joko antolatzaile galiziarrak min hartuta jokatu baitzuen igandean eta osatu gabe baitago oraindik.

Ivanovic, apirileko entrenatzailea

Baskoniaren egoera bestelakoa da. Gasteizko taldeari garaipen bakarra falta zaio liga erregularreko bigarren tokia ziurtatzeko. Lagun Aro hartuko du Zurbaon eta Unicajari bisita eginez amaituko dute arabarrek denboraldia lehen fasean.

Bestalde, Dusko Ivanovic apirileko entrenatzailerik onena izendatu du saskibaloi entrenatzaileen elkarte espainolak, Granada, Cajasol, Fuenlabrada eta Manresaren aurka garaipena lortzeagatik. Montenegrokoak denboraldi honetan jaso du sari hau lehendabiziko aldiz.

play offak

Sailkapeneko zortzigarren tokia eskuratzeko eta play offak jokatu ahal izateko, Bilbao Basketek 20 puntu baino gehiagoko aldeaz irabazi behar dio Kanaria Handiari eta honek azken neurketa galdu behar du.

baskonia

Caja Laboral Baskoniak garaipen bakarra behar du liga erregularreko bigarren tokia ziurtatzeko. Azken bi neurketak Donostiako Lagun Aroren aurka -etxean- eta Unicajaren kontra -kanpoan- jokatuko ditu.

Revueltok Hondarribia-Irunekin berritu du

Maria Revuelto Hondarribia-Irungo jokalariak talde gipuzkoarrarekin duen kontratua berritu du datorren denboraldirako. Revueltori izan zuen lesioak ez dio aurten ehuneko ehunean jokatzen utzi. Hala, taldeak beste aukera bat eman nahi dio Beijingo Olinpiar Jokoetan Espainiako selekzioarekin parte hartu zuen jokalari honek bere maila erakuts dezan. Bavendam, Dap, Rad, Quintero, Suarez eta De Forgek ere Hondarribia-Irunekin duten kontratua berritu dute 2010-2011 denboraldirako.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo