Gillen Ogieta eta Jon «Txontxe» Etxebarria Askapeneko kideak
Europako herriok, matxina gaitezen!
Herrien desberdintasun ekonomikoez gain, ezinbestekoa da herri bakoitzaren singularitate historiko, kultural eta identitarioa kontuan hartzea eta, batez ere, herri bakoitzaren borroka ondarea
Greziako gertaerek agerian utzi dute Kapitalak bere krisi estrukturala konpontzeko bultzatu duen estrategia harraparia gaiztotu dela. Kapitalismoaren erdigunetik urrun dagoen periferian arras ezagunak diren burgesien arteko aliantzak eta errezeta merkantilizatzaile horiek periferia hurbilean errepikatzen dira orain. Kapitalak etekinak etengabe bilatzeko beharrezko dituen zentralizazio eta kontzentrazio prozesuek lehiakortasun gutxiko sektore burgesak deuseztatu eta langile gehienen esplotazioa handitu behar dituzte. Horrela, Latinoamerikan 90ko hamarkadan egin bezala, tokian tokiko burgesiaren zati batek herri langilearen aurkako ofentsiba kriminala egin nahi du. Bere helburua Mendebaldeko potentzia inperialisten eskutik egokitze plan drakoniarren bidez herri konkista historikoetatik geratzen dena deuseztatzea da.
Horregatik, ez da harritzekoa Greziako Parlamentuak Nazioarteko Diru Funtsaren aginduak hitzez hitz ezartzea onartu izanak 90ko hamarkadan Argentinako Gobernuak hartu zituen neurri antipopularrak gogoraraztea. Izan ere, kapitalismoak 70ko hamarkadan ezarri zuen proiektu estrategiko beraren baitan daude, neoliberalismoaren baitan, alegia. Grezian ikusten ari garena, beraz, proiektu horren ezarpen suntsitzailearen beste pauso bat baino ez da.
Gauzak horrela, gure jarduera internazionalistari jarraiki, enfrentamendu soziopolitikoak hartzen dituen formetatik eta moldeetatik ikasita, politikoki errepresiboak eta ekonomikoki atzerakoiak diren eskemak etorriko direla ondorioztatzen dugu. Hortaz, klase menperatzailearen tresna instituzional estrategikoa den Europar Batasunaren eskutik azken 20 urtean pairatzen ari garen lan baldintzen hondatzeak eta eskubide sozialen murrizketak larriagotzeko bidean daude.
Baina sistema irrazional eta bidegabe horren bideak badauka muga bat: herri sektoreek ezartzen diotena. Aktoreak eta errezetak behin eta berriro errepikatzen badira ere, proiektu estrategiko neoliberala ezartzeko erritmoak aldatzen dira. Izan ere, kapitalaren eta herri sektoreen arteko indar korrelazioak sistemaren erreprodukzioa estrukturalki baldintzatzen du. Horregatik, errentagarritasun handiagoa eta merkantilizatzeko biktima berriak (hezkuntza, osasuna, pentsioak) bilatzeko kapitalaren logika era gogorragoan edo bigunagoan egingo da, dominazio autoritarioaren ereduaren bidez edo dominazio konstituzionalaren ereduen bidez. Klase menperatzaileak badaki hori eta aurrean dauzkan baldintza zehatzen arabera moldatzen du beti bere proiektua.
Ondorioz, herrien desberdintasun ekonomikoez gain, ezinbestekoa da herri bakoitzaren singularitate historiko, kultural eta identitarioa kontuan hartzea eta, batez ere, herri bakoitzaren borroka ondarea. Klase dominatzaileek beren ofentsiban eman beharreko pauso taktikoak horren arabera zehazten dituzten moduan, geuk ere esperientzia horietatik abiatu behar dugu gure askapen nazional eta sozialaren prozesuan. Horren harira, argentinar herri langileak langabeak masiboki antolatuz edota fabrikak berreskuratuz erantzun zien gehiegikeria neoliberalei. Bada, borroka tresna horiek dagoeneko munduko erresistentzia ondarearen parte bihurtu dira, edozein herri mugimenduren esku daude jada.
Era berean, ezker tradizio handiko greziar herri sektoreek, klase sindikatu indartsuek eta saldu ez ziren alderdi komunistek gogorarazten digute antolatzeko modu horiek oraindik ere badaukatela gaurkotasuna, baldin eta oinarri sozialekin eta sistemak sortutako baztertu berriekin (gazteak, pentsiodunak eta abar) era kontsekuentean jokatzen duen praktika politiko antikapitalista egiten badute. Horrela, Nazioarteko Diru Funtsa, Europar Batasuna eta bertako akolitoen neurrien aurka erakusten ari diren erresistentzia maila kuantitatiboa eta kualitatiboa herri borroka eredu zein ekimen berriak iragartzen dituen lehen urratsa da. Esaterako, gaur bosgarren greba orokorra egin dute, joan den larunbatean 100.000 lagun baino gehiago bildu zituen KKE alderdi komunistak manifestazio batean Atenasen, ikasle mugimenduak ikastetxeak eta fakultateak okupatu ditu eta mobilizazio horietan guztietan mezu antikapitalista argia da. Borroka horren garapen, akats eta garaipenei adi jarraitu beharko diegu.
Hemen, Euskal Herrian, daukagun borroka-, autoantolakuntza- eta mobilizazio-ondareak gaur egungo Europan parerik ez daukan indar soziala bihurtzen du gure herri mugimendua. Baina horrek ez du esan nahi ez ditugula kontuan hartu behar, gure kasuan estaturik gabeko herri bezala, kapitalaren Inperioak beste latitudeetan ematen dituen urratsak, ezta beste herri batzuek horiei kontrajartzen dizkieten erresistentzia moldeak ere. Guztiz kontrakoa, hori kontuan hartzea eta horretaz ikastea baita gure eginbeharra. Horren bidez, politikoki eta ideologikoki jantziagoak egongo gara gaur egun gure prozesuaren oinarri diren masa borrokan, borroka ideologikoan eta borroka instituzionalean sakontzen jarraitzeko. Horrela, prozesu horren garapena egungo europar dominazio proiektuaren oinarriak suntsitzen joango da. Hortaz, greziar herri langilearen aldeko mobilizazioekin eta elkarretaratzeekin batera, gure jarduera politiko eraldatzailea garatzen eta elikatzen segitu behar dugu. Horretan datza, zalantzarik gabe, elkartasun internazionalistaren praktikarik kontsekuenteena.