GARA > Idatzia > Kultura

Oskorrik Gipuzkoako dantza zaharrei bizi berria eman die

Frantziako Iraultzak eragindako moden ondorioz, Gipuzkoako antzinako dantzen gainbeheraren lekuko izan zen Juan Ignazio Iztueta dantza maisua XIX. mendean, eta horren aurrean, dantzak bildu zituen. Oskorrik, hortik abiatuta, horietako hainbat birmoldatu ditu, plazetan zabaltzeko asmoz.
p043_f01_148x104.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Gipuzkoako dantza zaharrak birmoldatzeko egitasmo honek urte askotako ibilbidea egin du, Natxo de Felipek atzo azaldu zuenaren arabera, orain dela 40 bat urte hasi baitzuten «Erreboluzio Frantsesean galdutako dantza zahar birsortuak» lana.

Laudioko lagun batek bere aitonak bildutako paper batzuk eman zizkien. Inprenta proba batzuk ziren, frantsesez idatzitako zuzenketekin. Urte batzuen buruan konturatu ziren Juan Ignazio Iztuetak egindako liburu baten probak zirela. 1789ko Frantziako Iraultzaren ondorioz, Europatik zetozen moden eragina areagotuz zihoan, eta Gipuzkoako dantza zaharren galeraren lekuko izan zen Iztueta bere gaztaroan. Horren aurka borrokatzeko, dantza horien gaineko ohar ugari eta doinuen partiturak bildu zituen, 1826an ateratako liburuan.

Hortik abiatuta, Oskorrik material gehiago erabili du, ikuskizunari forma emateko. 1840 baino lehenago, biolin-jotzaile eta musika irakasle batek, Woolf abizena zuenak, beste partitura batzuk bildu zituen Atarratzen. Horien bidez, agerian geratzen zen Gipuzkoako dantzak Zuberoakoen parekideak zirela, antzeko esaldi eta eskema zituztenak. Atzo azaldu zutenez, jauziak, sauts, mutil-dantzak eta mutxikoak izeneko dantzak, funtsean, sistema bereko kideak dira. Iztuetaren liburuan sail horretako 18 dantza inguru daude, eta egitasmoa osatzeko, Baztango dantzariekin batera, dantzakera horiek moldatu dituzte gaur egungo pausoetara.

Dantzak nola ikasi

Ikuskizun honen helburua, beraz, ondare hori berreskuratzeaz gain, birsortzea ere bada. Era berean, landutakoa irakasteko bide anitz ireki dituzte. Batetik, dantza hauek Interneten bidez ikasteko aukera. Youtube webgunean, «Oskorri dantzak» idatzi, eta hor agertuko dira egin dituzten moldaerak. Oraingoz, lau jarri dituzte ikusgai, eta prestatuz joan ahala gehituko dituzte besteak. Helbide elektroniko bat ere ageri da bideoen azpialdean, eta horra idatziz gero, dantza hauen sare sozialaren kide izateko aukera dago. Bestetik, plazarik plaza jendaurrean erakutsiko dituzte. Aurkezpena igande honetan izango da Gasteizen -Plaza Berrian, 13.00etan-, hiriburutzako 30. urteurrena ospatzeko ekintzekin batera. Euskal Herrian zehar ibiliko dira gero. Azkenik, liburu-DVD-disko bat kaleratuko dute, jada prest dituzten laurez gain besteak ere osatzean, Natxo de Felipek, Anton Latxa eta Vixente Martinezek atzoko agerraldian azaldu zutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo