GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxerat: «Presoen bizitzarekin jolasteari uzteko garaia da»

Estatu frantseseko eta espainoleko espetxeetan sakabanaturik dituzten euskal presoek pairatzen dituzten egoeren testigantza gordinak eman zituzten atzo hainbat senidek. Bakar- tzeak, jipoiak, aurrez aurrekorik gabeko hilabete luzeak miaketa direla-eta, xantaia... Etxeratek nabarmendu zuenez, presoen «bizitza eta eskubideekin jolastea» amaitu behar da.

p016_f01_148x124.jpg

Manex ALTUNA

Etxerateko kideek agerraldia egin zuten atzo azken asteetan euskal preso politikoen kontrako erasoak eta senide eta lagunen kontrako jazarpena «etengabe» areagotzen ari dela sa- latzeko. Elkarteko bozeramaile Natxi Aranburu eta Oihane Ozamizek adierazi zutenez, presoen «bizitza eta eskubideekin jolastea» behingoz amaitzeko «pausoak» emateko unea da.

Adibide bezala jarri zituzten Sergio Polo, Diego Ugarte, Unai Bilbao eta Arkaitz Bellonek jasotako jipoiak edo Ohiana Garmendiari Fleuryko kartzelan gertatutako kasu «beldurgarria». Izan ere, sutea gertatu zen espetxean eta preso santurtziarrak oihu egin eta eskumuturrekin atea kolpatu arren, funtzionarioek gehiegi tardatu zuten ziegatik ateratzen eta ke intoxikazioa jasan zuen.

Katxeoak direla-eta hainbat espetxetan hilabete luzez aurrez aurrekorik gabe daudela ere aipatu zuten, eta senide eta lagunen kontrako zigorrak ere bata bestearen atzetik etortzen ari direla. Are gehiago, maiatzean ohikoak baino lekualdatze gehiago izan direla azaldu zuten. «Espetxe politika kriminalak suposatzen duen laborategi errepresiboan etengabe jarraitzen dute probak egiten eta isolamendua, bakartzea, xantaia eta jazarpena egunerokoa ditugu», gaitzetsi zuten.

Ildo horretan, espetxeetan izan diren gertakarien lekukotasunak eman zituzten euskal presoen hainbat senidek atzoko agerraldian.

Maider ALUSTIZA
Jon Enparantzaren emaztea

«Jon Aranjuezen dago isolamenduan. Ez du inor ikusten eta 24 orduak bakarrik ematen ditu. Hiru ordu bakarrik ateratzen dute patiora. Hilabete egon da deirik egin gabe, telefono deiak ukatuta izan dituelako eta orain aurrez aurrekoekin arazoak ditugu. Bost seme-alaba ditugu eta ez digute uzten ume guztiak sartzen bis batera. Horrek suposatzen du hilabetean behin bakarrik denez aurrez aurrekoa, umeek bi hilean behin ikusten dutela beren aita. Nahiz eta familia ugaria denean denak sartzeko aukera izaten den, ukatu egin digute. Gainera orain ekaineko bis-a kendu egin digute, uztailekoa hil hasieran izango denez, oso gertu geratzen direla argudiatuta. Beraz, bi hilabete ez, hiru hilabete egongo dira umeak aita ikusi gabe. Hori gutxi bada, lehenengo aurrez aurrekoan ziurtatu ziguten bost seme-alabak batera sartu ahal izango zirela. Baina hara iristerakoan azalpenik eman gabe bisik gabe geratuko ginela esan ziguten. Izugarrizko eztabaida eduki ondoren esan ziguten hiru sar zitezkeela eta bi kanpoan uztea erabaki behar izan genuen. Min gehien ematen duenarekin estutzen ari dira, aitaren dispertsioa eta isolamendua umeak ordaintzen ari dira».

Nekane BASAURI
Joseba Arregiren emaztea

«Une honetan Jaengo euskal presoak gose greba mugagabean daude. Azaroan katxeoekin hasi eta astebetera presoek erabaki zuten katxeoak zeuden bitartean aurrez aurrekoei uko egitea. Hainbat hilabetez egon ginen horrela, azaltzen gine-  nean salaketa jarriz espetxean eta Jaenen. Urtarrilaren 2an ordea, preso baten emaztea ez zuten katxeatu eta barrura sartu zen. Hortik aurrera ez baziguten katxeatzen, proba egiten genuen barrukoak ateratzeko. Otsaileko planto orokorrak zirela-eta, eskatu genuen zuzendariarekin hitz egitea haurrak ez katxeatzeko. Hasieran beraiekin sartu behar zen nagusia katxeatu behar zutela esaten zuten, baina azkenean lortu zuten ama ateraino sartu eta umeek aita ikustea. Hilabete hauetan aurrez aurrekoetatik bost edo seitik bat bakarrik sartzen zen. Ez da izan aleatorio edo rotatorioa. Jaengo presoak azken zazpi urteak isolamendu moduluetan bizi izan dira. Apirilean berriz, denak atera dituzte isolamendutik eta moduluetan sakabanatu dituzte. Une honetan ez dute elkar ikusten, batzuk bakarrik daude eta beste batzuk binaka. Urte guzti hauetan pixkanaka eskubide pila bat kentzen joan dira eta bizi baldintzak murrizten. Bi irakurgai bakarrik dituzte, arropak edo opariak jasotzeko ere murrizketak izan dituzte. Guzti honengatik eta ikusita aurrez aurrekoekin egiten ari direna gose greba mugagabea ezartzea erabaki dute. Egoera krudela da, baina garbi daukagu, zerbait lortzeko denak elkartu eta lortu egin behar dugula, inondik ez zaigulako etorriko. Gose grebari ekin ziotenean bazekiten zigorrak jasoko zituztela eta automatikoki lau-bost egunera beste kartzela batzuetara eraman zituzten lau preso. Salatu behar da beraien bahiketa, krudela baita familientzako ez jakitea zure senidea non dagoen 15 egunetan».

Jaione GARMENDIA
Oihana Garmendiaren ahizpa

«Publikoki salatu nahi dut Oihanari emandako tratu iraingarria. 45 minutu tardatu zituzten kez betetako ziega batetik ateratzen eta gero bi ordu itxaron behar izan zuen ospitalera eramateko, nahiz eta ke intoxikazio bat jasan. Une honetan Fleuryn dauden euskal preso guztiak zigortuta daude mitard-etan. Horietako bi, elkartasuna adierazi zien preso komun bat mitard-era bidali dutelako sartu dira. Borrokarekin jarraitzeko asmoa daukate gertatutakoa espetxearen ardura baita. Sua eragin zuen neskak psikiatriko batean egon beharko zuen eta ziega berdinera itzuli dute. Kartzelako arduradunek protokoloaren arabera jokatu dutela esaten dute, baina arazoa da 38 pertsonaren bizitzarekin jokatu dutela eta berriro gertatu litekeela. Gainera, bisitak ere murrizten ari dira, lehen zazpi genituen eta orain sei bakarrik».

Marian MORALES
German Urizarren emaztea

«Apirilaren 20an aurrez aurrekoa izan nuen nire senarrarekin Algecirasen. 45 minutuko bisita bukatu ondoren, beste senide batzuk agurtu nituen kartzelatik irteten nindoala. Igandean Germanekin hitz egin nuen telefonotik arazorik gabe, baina astelehenean berarekin dagoen beste preso baten emazteak esan zidan ez zegoela eta ez zekiela zergatik. Kartzelara deitu nuen eta segurtasun neurriengatik ezin zidatela ezer esan erantzun zidaten. Hurrengo egunean Germanek deitu zidan esanez isolamenduan sartu dutela eta hiru hilabeteko zigorra jarri didatela bera ikusi gabe eta komunikaziorik izan gabe, katxeoak grabatu omen ditudalako. Gezurra da eta larriena da zigorrak jartzeko edozein gauza asmatu dezaketela».

Ana MARTIN
Julen Larrinagaren ama

«Urrian kartzelatu zutenetik ez dugu aurrez aurrekorik izan katxeoak direla-eta. Bere neskalagunak bakarrik ikusi du behin. Ilobak ikusteko ere arazoak jarri zituzten, baimena eman ondoren azkenean ez baitzieten sartzen utzi, bere semeak ez zirela argudiatuta».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo