GARA > Idatzia > Mundua

Muturreko jarrerak gailentzen ari dira AEBetako errepublikanoen artean

Datorren azaroan Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako hauteskundeak egingo dituzte AEBetan, eta, bertan lehiatuko diren hautagaietako batzuk aukeratzeko, boz primarioak egin dituzte zenbait estatutan. Horietako batzuetan eskuin kontserbadoreenak gora egin du.

GARA |

Rand Paulek, Alderdi Errepublikanoko sektore kontserbadoreen babesa duen politikariak, garaipen garrantzitsua izan zuen atzo, datorren azaroan egingo diren Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako hauteskundeei begirako boz primarioetan.

Datozen hauteskunde horiek Barack Obamaren Gobernu demokratarentzat berebiziko proba dira, bertan neurtuko baita zenbateraino eusten dion herritarren babesari.

Paul, Ron Paul presidentetzarako aurrehautagai izandakoaren semea, erraz gailendu zen Kentuckyko primarioetan eta azaroan Jack Conway fiskal nagusia izango du aurrez aurre, demokraten primarioetan irabazle atera zena.

Esker ona

«Gure gobernua berreskuratzeko itzuli gara», esan zuen Paulek bere diskurtsoan, eta esker ona adierazi zion Sarah Palin Alaskako gobernadore eta AEBetako presidenteordetzarako hautagai ohia buru duen Tea Party mugimendu ultraeskuindarrari.

Kentuckyko Estatu idazkari Trey Graysoni gailendu ondoren, Paulek adierazi zuen Tea Party mugimendua «Washingtonentzako mezu bat» dela, «pozik ez gaudela eta gauzak beste era batean egitea nahi dugula» esaten duena.

Pensilvanian ere hauteskundeak izan zituzten. Hor Joe Sestak demokratak Arlen Spencer egungo senatariak baino boz gehiago eskuratu du, nahiz eta Obamak azken honi babesa adierazi zion Alderdi Errepublikanotik Demokratara igaro zenean.

Arkansasen -bozak egin zituzten estatuetako beste bat- demokratek primarioak egin zituzten, baina oraindik ez da nork irabazi duen ezagutzera eman.

PENSILVANIA

Estatu honetan, primarioez gain, hauteskunde berezi batzuk ere egin ziren, hain zuzen, otsailean hil zen John Murtha kongresista demokrata ordezkatzeko bozak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo