Donostiako Orfeoiak Leopold Hager maisu austriarra agurtuko du
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Leopold Hager-ek bere musika ibilbidea amaitu baino lehen azken bira egingo du Estatu espainolean barrena Donostiako Orfeoiarekin eta Weimarko (Alemania) Staatskapelle orkestrarekin batera. Hiru kontzertu emango ditu: lehena, maiatzaren 22an Donostiako Kursaalen; hilaren 24an Bartzelonako auditoriumean; eta, azkenik, 25ean Zaragozako auditoriumean. Kontzertuotan, adituen ustez, Beethoven-en «Bederatzigarren Sinfonia»-ren oinordeko zuzena den Mendelssohnen «Bigarren sinfonia» eta Schubert-en «Lehenengo sinfonia» eskainiko dituzte, azken hau orkestrak bakarrik interpretatuta.
Urte amaieran, Hager-en jardun profesionalari agur omenaldia egingo diote Vienako Musikverein auditoriumean, maisuak Vienako Filarmonika zuzenduz.
Donostiako Orfeoiak 1991ko Musika Hamabostaldian, eta 2004 eta 2007 urteetan egindako bi biratan zuzendariarekin lan egiteko aukera izan zuen.
Udan, aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldian, hirutan arituko da Orfeoia. Abuztuaren 9an Berlioz-en «Romeo eta Julieta», 22an Rachmaninov-en «Kanpaiak» eta irailaren 3an «Alexander Nevsky» obrak interpretatuko ditu.
Bestalde, hil honen 25ean Orfeoiak bertako kide izateko probak jarriko ditu abian, urtero bezala. Proba horietara 16 urtetik gorako edozein pertsona aurkez daiteke, aurretik 943 422 239 telefonora deituta.
Horrez gain, ekainaren 28tik uztailaren 9ra bitartean lau eta zortzi urte arteko haurrentzat goizez egingo diren musika udalekuak antolatu ditu Orfeoiak.
Data: Maiatzak 22, 25, 28 eta 31.
Lekua: Euskalduna Jauregia (Bilbo).
Ordua: 20.00etan.
Sarrera: 83 eta 158 euro artean.
Lana: Guiseppe Verdiren «Falsfatt».
Antolatzailea: OLBE-ABAO.