Laura MINTEGI Idazlea
Ekonomia eta astoak
Behinola gizon bat agertu zen herritxo batean. Herritarrei esan zien astoak erosten zituela 100 euroan, eta batzuek astoa saldu zioten. Biharamunean itzuli eta 150 euroan erosi zituen astoak. Orduan herritar gehiagok saldu zion astoa gizon ezezagunari. Hurrengo egunean 300 euro ordaindu zuen asto bakoitzeko, eta oraindik astoa zuten guztiek astoa eman zioten gizonari diruaren truke.
Herrian asto bakar bat ere gelditu ez zen egunean, gizonak 500 euro eskaini zuen asto bakoitzeko, eta aditzera eman zuen biharamunean itzuliko zela erostera.
Orduan bere lankide bat bidali zuen herrira asto guztiekin eta salgai jarri zituen 400 euroan. Herritarrek, 500 euroan salduko zituztelako esperoan, asto guztiak erosi zituzten, baita inguruko herrietakoak ere. Eta dirurik ez zuenak mailegua eskatu zuen.
Susmatzekoa denez, laguntzailea eta hasierako gizon ezezaguna betiko desagertu ziren.
Herria astoz eta zorrez josita geratu zen. Mailegua eskatu zutenek ezin izan zuten dirua itzuli, astoa saltzerik ez zutelako. Mailegua eman zutenek, dirua ezin izatean jaso, kexaka joan ziren udaletxera esanez mailegu gehiagorik ezin zutela eman. Udaletxeak, zordunei eman beharrean dirua, mailegu-emaileei eman zien laguntza, sistema ez jausteko. Baina hara non mailegu-emaileek ez zieten zorra barkatu zordunei eta hauek zorra (eta interesak) ordaindu ezinean zeudenez, dirua eta astoak galdu zituzten.
Udaletxea, bere aldetik, mailegu-emaileei laguntza luzatu ostean, bera ere zorretan geratu zen, eta orduan funtzionarioei jaitsi zien soldata.
Ipuinak ez dio, baina astoen eroslea eta haren kidea irla paradisiakoan imajinatzen ditut, barrez lehertu beharrean.