Estatu frantsesaren errepresio bide itsua
Ez da berria Estatu frantsesak euskal disidentziaren kontra errepresioaren hautua egina duela. Atzo Eiheralarren egin zituzten atxiloketak horren erakusgarri dira, beste bat. Baltasar Garzon Auzitegi Nazional espainoleko epaileak abiatutako Batasunaren aurkako auzia dela-eta Aurore Martin, bizimodu normala egiten duen herritarra, atxilotu egin zuen atzo haren kontra emandako euroagindu saioaren berri jakinarazteko, eta harekin batera Jean Luc del Campo bizikidea. Estatu espainolaren moldeak, maiz asmo propagandistikoa dutenak, bere egin ditu frantsesak ere. Baina ondorioak gero eta euskal herritar gehiagok jasaten dituzte. Aurore Martin orain epailearen kontrolpean dago, maiatzaren 25ean Paueko Auzitegian bere kontrako euroagindu saioa egin bitartean. Jean Luc del Campok, berriz, nekez jakingo du zergatik atxilotu zuten. Hala ere, bi-biek badute Estatu frantsesaren kontrol sozial gero eta hertsiagoaren berri. Duela bi urte eta erdi, euskal preso baten egoera salatzeagatik atxilotu zituztenean, DNA laginak hartu nahi izan zizkien Poliziak, baina eurek uko egin eta, horren ondorioz, epailearen aurrean deklaratu beharko dute. Eta ez dira beren DNA laginak Estatuaren fitxategian gordetzeari uko egiteagatik auzipetu dituzten bakarrak. Kontrol itogarri horri bere borondatez laguntzen ez diona legez zigortu nahi baitute. Legez, baina ez zilegitasunez.