GARA > Idatzia > Euskal Herria

Del Campo eta Martin aske, bigarrena kontrol judizialpean

Atzo goizean Polizia frantsesak Eiheralarren atxilotu eta Pauera eramandako bi gazteak libre geratu ziren arratsalde partean. Aurore Martin, Auzitegi Nazionalak bere aurka emandako euroaginduaren berri eman ondoren, kontrol judizialpean askatu zuten. Gazteak libre geratu ziren arte ez zen jakin atxiloketak Auzitegi Nazionalak abian duen Batasunaren aurkako auziarekin lotura zuela.

p013_f02.jpg

GARA

Polizia frantsesak atzo Eiheralarren atxilotu zituen Aurore Martin eta Jean Luc del Campo aske geratu ziren ordu batzuen buruan. Jendarmeek Martin eta Del Campo atzo goizean atzeman zituen, Eiheralarren elkarrekin bizi diren etxebizitzan.

Gazteak Pauera eraman zituzten eta behin-behineko atxiloaldian ezarri zituzten. Alta, arratsaldeko lehen orduan Del Campo aske utzi zuten.

Aurore Martin Batasuneko kide ezagunari, berriz, bere aurkako euroaginduaren berri eman zioten. Epaiketa maiatzaren 25ean izango du eta bitartean kontrol judizialpean aske utzi dute.

2007ko azaroan margoketa batzuk zirela-eta Poliziak bi gazteak galdezkatu zituen eta gazteek uko egin zioten beren DNA laginak emateari. Anne Kayanakis prokuradoreak baieztatu zuenez, Baionako Auzitegiak auzi horren karietara uztailerako deialdia egin die bi gazteei. Hortaz, atzoko polizia operazioak bestelako arrazoiak zituen.

Atzo arratsaldeko lehen orduan Jean Luc del Campo libre gelditu zen arte, ordea, ez zen auzia argitu. Izan ere, atxiloketaren arrazoiak ez zituzten arratsaldera arte jakinarazi.

Kazeta.info hedabideak plazaratu zuenez, Aurore Martini, Batasunaren aurkako auzian auzipetua izanki, euroaginduaren berri eman zioten atzokoan.

Antza, maiatzaren 25an euroagindu hori aztertuko dute, eta bitartean kontrol judizialpean libre utziko zutela jakinarazi zioten atzo gazteari.

Pintaketak 2007an

Kartzelan zelarik bere buruaz beste egiten saiatu zen Joan Bidarten kasua salatzeko eginiko pintaketa batzuekin lotuta atxilotu zituzten Martin eta Del Campo 2007an. DNA laginak emateari uko egin zioten orduan bi gazteek.

Frantziar estatuak DNA fitxategia osatzeari ekin zionetik, hainbat auzi izan dira. Besteak beste, transgenikoen kontrako hainbat militante kartzelatuak izan dira beren DNA lagina emateari uko egiteagatik. Iparraldean bertan Jean-Mizel Aizager laborariaren kasua aipatu daiteke. Preseski Paueko Dei Auzitegiak aztertuko du Baionako epaileak Aizagerri ezarri zion zigorraren kontra laborariak aurkeztutako helegitea.

Batasuna auzian 2008an

Bestalde, Aurora Martin Iparraldean izan zen Batasunaren aurkako polizia operazioan atxilotu zuten 2008ko udazkenean, egun batzuetan atxiloturik izan ondoren libre utzi zutelarik.

2009ko martxoan Baltasar Garzon epaile espainiarrak 44 euskal herritar auzipetzea erabaki zuen; Batasuna, EAE-ANV eta EHAK alderdietan aritu izanagatik ETArekin lotu zuen pertsona horien jardun politikoa. Ipar Euskal Herrian Aurore Martin gaztearekin batera beste hiru herritar ere auzipetu zituzten: Jean-Claude Agerre, Haizpea Abrisketa eta Xabi Larralde.

2002. urtetik hona erabili dituen argudioak baliatu ditu Garzon epaileak 44 euskal herritarren aurka auzia zabaltzeko. Ezker abertzalea joko politikotik kanpo uzteko aspaldian asmatu zuen «dena ETA da» leloari heldu dio Madrilgo epaileak. Batasuneko mahai nazionaleko kideak ez ezik, EAE-ANV eta EHAK alderdietako ordezkari batzuk auzitara eramango ditu Garzonek.

2007ko urrian Gipuzkoako Segura herrian izan zen polizia operazioan 24 herritar atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Horietatik 22 lagun auzipetu zituen bi urte geroago Garzonek. Orotara, 44 herritar auzipetu ditu espainiar epaileak.

Halere, Auzitegi Nazionalak zabalik duen Batasuna sumarioan auziperaturik dago Martin eta horren harira euroaginduaren berri eman zioten Pauen.

DnA laginak

2007ko azaroan, margoketa batzuekin lotuta galdezkatu zituzten Del Campo eta Martin, eta muzin egin zioten DNA laginak emateari. Hala ere, atzoko atxiloketak honekin zerikusirik ez zuela jakinarazi zuten arratsaldean.

pauera

Gazteak Pauera eraman zituzten behin-behinean atxilotuta. Alta, arratsaldeko lehen orduan Del Campo aske utzi zuten eta Aurore Martini euroaginduaren berri eman zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo