GARA > Idatzia > Kultura

EiTBk Baionan duen egoitzan sortutako krisia konpontzeko bidean

Apirilaz geroztik ezohiko egoera izan da EiTBren Baionako egoitzan. K2000k bertako zerbitzua emateko kontratua eskuratu ondoren, badirudi arazoa bideratzen ari dela. Atzo lau kazetari ohirekin kontratuak izenpetu zituen Galdakaoko ikus-entzunezko ekoizpen-etxeak.

Maite UBIRIA |

K2000 enpresako iturriek baieztatu zutenez, janeko zuzendaritzak kontratuak izenpetu zituen atzo, eta arratsean beste horrenbeste egitekotan ziren azken urteetan Baionan jardun duten lau kazetariak. Oraingoz, lau postu bermatuak dira. Alegia, Frank Dolonsor, Guillaume Irigoein ("Iparraldearen Orena" eguneroko emankizunaren editorea), Pantxika Delobel eta Jasone Iroz kazetariek joan den apirila arte betetzen zituztenak. Alta, beste lan eskaintza dela medio, Igor Emerik betetzen zuen postua hutsik geratuko litzateke oraingoz. Ekoizpen etxearen arabera, lanpostu deialdi bat egiteko asmoa dute bosgarren lanpostu hori bermatzeko. Horrela, krisia sortu orduko Baionan ziren bost postuak bermatuko lirateke.

EiTBko zuzendaritza berriak Baionako zerbitzua birmoldatzeko asmoa agertu zuenetik, gorabehera handiak izan dira Lapurdiko bulegoan. Krisia oinarrian izanik, bertako zerbitzua egonkortzeko egitura iraunkorra sortzeko beharra nabarmendu zuten «EiTB aitzina» lelopean Ipar Euskal Herriko euskal kultur eragileek abiatu kanpainan. Beraien ustez, EiTBk inprobisatuz jokatzen du Ipar Euskal Herriko antenaren geroa antolatzeko orduan. Arrangura horiek uxatzeko, Alberto Suriok behin baino gehiagotan nabarmendu du EiTBk Ipar Euskal Herriko informazio eskaintza hobetzeko asmoa duela. Iragan astelehenean Legebiltzarrean eginiko agerraldian, «Iparraldearen Orena» saioa mantentzeaz gain, asteko emankizun bat eginen dutela esan zuen Suriok.

Edonola ere, ukaezina da tarrapatan ibili dela EiTBko zuzendaritza berria. Udazkenaz geroztik Iparraldean EiTBren zerbitzua ematen zuen sozietatearen kontratua amaitzear zela jakinik ere, epea agortzen utzi zuen eta apirilaren 1ean langilerik gabe gelditu zen.

Ordutik, Hego Euskal Herritik etorritako kazetariek bete dute lana, baina hiru herrialdetako ikus-entzuleek anitz senditu dute informazio eskaintzaren galera. Kanpainia bat abian zelarik, lehiaketa mugatua bultzatu zuen EiTBk, eta K2000ak eskuratu zuen zerbitzua. Hala ere, Galdakaoko ekoizpen-etxeak ez zuen azpiegiturarik Ipar Euskal Herrian, eta horrek gauzak korapilatu omen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo