GARA > Idatzia > Kultura

«Ama Lurra» eta desagertzear dauden herrien gaineko hausnarketa Alondegian

A. ARRUTI

«Entzun, zuriak, zuei esateko dudana», esan zuen Davi Kopenawa xaman yanomamiak atzo Bilbon. Bere herria da Alondegiak inauguratu duen «Ama Lurra. Beste leku bat hasten da hemen» erakusketan ageri denetako bat. Datorren abuztuaren 1era arte, sorterriari buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen dute Raymond Depardon zinemagileak eta Paul Virilo filosofoak. «Entzun egiezu hizketan» ikus-entzunezko lanean, desagertzeko arriskuan dauden herriak hartu dituzte aintzat. «Ez diet ezer galdetzen, beraiek dira esateko dutenak. Exotismo oro kendu eta entzutea da ideia», esan zuen Depardonek.

Kopenawak zinemagilearen ideia berretsi zuen: «Oso arriskutsua da gobernuei basoa uztea, jan egingo dutelako ekonomiaren izenean. Gure borroka zaila da, baina hil arte jarraituko dut», eta pozik agertu zen «zurien» inguruko irudi hobearekin itzuliko delako etxera. «Zorionez ikusten dut ez direla zuri guztiak basoa suntsitu nahi dutenak».

Bestalde, ia 360 graduko gela biribil batean ikusgai dagoen «Exit» muntaiak, giza migrazioek eragindako arazo politiko, ekonomiko eta ingurumenezkoak aztertzen ditu, Lurraren errotazioa irudikatuz. Bruce Albert antropologoak nabarmendu zuenez, «erlazio zuzena dago hizkuntzen desagerpen eta basoen deforestazioaren artean».

Erakusketa honekin batera, elkar osatzera datorren «Lurra proiektua» ere abiatu zuen atzo Alondegiak, «hamabi proiektu ezberdinez osaturiko plataforma».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo