«Baterak ez du onartuko Ipar Euskal Herria berriro baztertzea»
Makean zinegotzi izateaz gain, 22 urteko gaztea buru-belarri aritu da Baterak martxoan antolatu herri kontsultetan. 35.000 hauteslek iritzia eman izana «mandatu» gisa ulertu dute eta, gaurtik 2014 bitartean, prozesu zehatzari ekin diote, Ipar Euskal Herriak behingoz erakunde bat erdiets dezan.
Arantxa MANTEROLA
Abiatu berri duten dinamikaren nondik norakoak eta egitasmoak azaldu ditu Blainek.
Zergatik ekin dio Baterak prozesu berri honi?
1996an hasi ginen auzapezei galdegiten Ipar Euskal Herriko erakundetzeaz kontsulta egitearen alde edo kontra ziren, eta, orain, martxoan egin dugunarekin ziklo luze bat burutu dugu. Bertan parte hartu duten 35.000 pertsonek, nolabaiteko mandatua eman digutelakoan gaude. Horregatik horri segida ematea deliberatu dugu.
Zer proposatzen duzue bide horretan?
Prozesu bat irekitzea. Ez dugu zernahi galdegiten, beste eskualdetan izan baitira antzekoak, esaterako, Korsikan edo itsasoz bestaldeko lurraldeetan (Martinika, Guadalupe...). Ideia egingarria da, legez, frantses Estatuan egikaritu daitekeena. Lehenik eta behin, instituzioen erreformaren legearen eztabaida kontuan hartu behar dugu. Baterak ez du erreformaren aldeko edo kontrako jarrerarik, baina argi dugu lege berri horren baitan ez dugula onartuko Ipar Euskal Herria, berriro ere, baztertua geratzea.
Nola eragingo duzue legean?
Hasteko, hautetsiek badutela zer esanik uste dugu. Tokiko erakundeetakoa izan edo estatuko diputatu izan, jarrera bat hartu beharko dute. Orain arte mespretxua eta isiltasuna izan da nagusi askoren aldetik, baina 35.000 pertsonak iritzia eman dute eta jarrera argia hartu beharko dute orain. Bestalde, 90 auzapezek babestu zuten herri-kontsulta eta hori oinarri handia da lekuan lekuko lanketa egiteko, baita gizartean ideia hedatzeko ere, herritar askok ez baitaki zer den lurralde elkargo bat. Departamenduko eta Akitaniako hautetsiek ere, beren karguen eskuduntzak desagertu edo murriztuko direnez, iritzia eman beharko dute. Diputatu eta senatariak ere interpelatuko ditugu, batez ere lege hori aztertu eta bozkatuko den unerako.
Hain zuzen ere, berrikitan euskal diputatu eta senatariek emendakina aurkeztu diote erreforma legeari. Zuen ustetan, «hiri handiko eremuko» («pôle metropolitain») egiturak erantzungo lioke Ipar Euskal Herriaren errekonozimendu instituzionalari?
Aspaldi ari gara gogoeta egiten Ipar Euskal Herriarentzat egitura egokiena atzemateko. Batera sortu zelarik 2002an, ados jarri ginen departamenduaren inguruan. Baina horien gaitasunak ttipituko direnez, egun pentsatzen dugu lurralde elkargo bat beharrezkoa dela. «Hiri handiko eremu» bat lortuko bagenu, lehen aldiz ezagupen bat lortuko genuke gure lurraldearentzat. Baina horrelako egiturek ez dituzte biltzen lurralde elkargoen gaitasunak. Beraz, Baterak lurralde elkargo bat sortzeko eskakizuna atxikitzen du.
Beraz, Baterak ez luke «hiri handiko eremuko» egitura baten eskakizuna babestuko?
Gaur legea den bezala, egitura horrekin ez dugu gure aldarrikapenaren erantzun osoa atzematen. Halere, beti bezala, prest gara horren alde diren eragile politikoekin hitz egiteko eta haien argudioen entzuteko. Bederen, proposamen horrek alde on bat badu, eztabaida aitzinarazten baitu.
Eta Ipar Euskal Herriko konfigurazioarentzat (Kostaldea-Barnealdea) egokia litzateke?
Justuki, aipatu prozesuaren helburu nagusietan dago konfigurazio orekatu baten lortzea. Gaur egun dugun egituratze ezagatik, Kostaldearen eta Barnealdearen arteko elkarlana biziki mugatua da. Ohartzen gara problematika komunak badirela, adibidez gizarte mailan edo ingurumen arazoetan, baina elkarrekin lan egiteko eta konponbideen atzemateko tresna bat falta zaigu. Galdegiten dugun elkargoak desoreka hori zuzendu ahalko luke.
Prozesua «logikoa, egingarria eta epe zehatz batean kokatua» dela diotsue. Lege honen eztabaidaren baitan ez bada ezer lortzen, nola eragingo duzue Gobernuarengan?
Hastapenetik, Sarkozy eta Fillon gutunez interpelatuko ditugu. Ez dugu arrapostu handirik espero, jakina. Baina, bederen, gure asmoen berri emango diegu. Bateraren politika hori izan da beti: eskaera egin eta ez badugu erantzunik jasotzen, guk geuk abiatzen dugu, azken kontsultarekin gertatu den bezala. Ez baldin badugu parada legean sartzeko, guk 2014ra arteko plangintzarekin segituko dugu. Bide horretan, 2012. urteko bozak une garrantzitsua izango dira, hemengo hautetsiek saihetsi ezingo dutena. Afera da, eztabaida piztea eta eskakizuna mahaigaineratzea. Finean, nahikeria politikoa sortu eta gizartean txertatzea lortzen badugu, beti daude moduak. Borondatea dagoenean, politikan beti bilatzen dira bideak.
Zer minimo izan beharko lituzke instituzio berriak?
Oraindik ez dugu ontsa definitu hori guztia, baina argi da marko juridiko frantseseko erabakigune bat izan behar duela, tokiko hautetsiekin eta proiektuak gauzatzeko aurrekontua izango duena. Horiek, lurraldetasunarekin batera, minimoak dira.
Joera ideologikoen arabera, hainbat motako instituzioa planteatzen da, tartean baita autonomia ere. Nola uztartu sentsibilitate politiko guztiak eskakizun bateratua adosteko?
Bihar egitura bat sortzea lortzen bada, eskuin eta ezker frantsesa sartuko dira, segur. 2014an hauteskundeak egingo lirateke eta, noski, haiek ere hautagaiak aurkeztuko lituzkete. Horregatik galdegiten dugu beraien parte hartzea ere prozesu honetan. Gero batzuen eta besteen eskakizunekin zerbait bateratua zehazteko, hastapenean Departamenduaren eskaera adostu zenean bezala, debatea izango da. Bateraren indarra hori ere bada, ideia desberdinak izan arren, helburua Ipar Euskal Herriaren existentzia aldarrikatzen dutenak elkarrekin jesartzea da.
«Pays» egituratik eratorritako Garapen- eta hautetsien kontseiluekin nolabaiteko ezagupen bat badu egun Ipar Euskal Herriak. Baterak sustatu eztabaidan sartuko dira?
Lege berriarekin hemengo 'pays' mantenduko balitz ere, ez da posible hain egitura txikiak aurrera egitea. Orain artean bi Kontseiluak ez dira Bateraren lankide izan, baina uste dut etorkizunean gurekin elkarlanean aritu beharko dutela. Haiek ere badute kezka hori eta eztabaidari heldu beharko diote.
«`Hiri handiko eremua' izatea lortuko bagenu, lehen aldiz, Ipar Euskal Herriak ezagupena izango luke, baina egitura horrek ez ditu lurralde elkargo baten ahalmenak»