GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jexux Arrizabalaga Batzen-eko kidea

Zinemaldia: Olaziregi jaunari eskaera

Berandu baino lehen Donostiako zinemaldia eta zinea oro har euskalduna izango da. Horren zalantzarik ez izan. Bitartean hemen gabiltza zerbait txukuna egin nahi eta asmatu ezinik. Edo aurrera egin ezinik.

Zinemaldia garai polita da zinema gustatzen zaionarentzat eta filmak ikusteko aukera duenarentzat. Zinefiloak gozatu egiten du egun horietan. Batek baino gehiagok propio egun horietan jai hartzen du. Askok bonoak erosten ditu horrela merkeago delako, dena den, urtean zehar ohiko sarrera baino garestiagoa ez da. Ondo dago zinemaldia.

Gauza polit asko konta genitzake zinemaldiaren karietara. Baina, nola sentitzen da euskaraz bizi nahi duen herritarra? Bermatua al du honek bere eskubidea?

Egia da azken urte hauetan aurrerapenak izan direla, esate baterako, pasa den urtean Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama izenarekin egun bat eskaini zitzaion euskarazko zinemari, eta ezin ukatu hori aurrerapausoa dela. Dena den, oraindik, badago zer eginik.

Hauek dira egiten dizkizugun eskaerak:

- Euskarazko emanaldiak sail guztietara zabaltzea.

- Bikoizketak ugaritzea

- Film guztiak azpititulatuak izatea.

- «Festival» egunkarian euskara modu orekatuan erabiltzea.

- Iragarkiak, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak argitaratzen dituenak barne, %50, behintzat, euskaraz izatea.

- Ahozko erabilera, agurrak egitera mugatu ordez, eta bi hitzetan gelditu ordez, euskaraz modu normalizatuan egitea.

- Solasaldietan eta aurkezpenetan euskara normaltasunez erabiltzea.

- Sari banaketako emanaldiak euskaraz egitea.

- Interneten ere euskarari dagokion garrantzia ematea.

Ez dakit jakingo duzun, baina urtero Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak Zinemaldiaren hizkuntza erabileraren neurketa egiten du. Txosten horretatik ateratako ondorioak dira hemen aipatzen direnak.

Neurri hauek hartuz gero, euskaldunon eskubideak betetzetik hurbilago geundeke, eta zu zeu ere zuzendariago izango zinateke. Ez al zaizu iruditzen?

Zinemaldiaren ondoren ohiko zinemara ere jo behar dugu, izan ere, hor ere gabezia handiak daude, eta bada garaia mundu hori normaltzen joateko. Baina, gai hori beste baterako utziko dugu.Hemen Zinemaldiari lotuko gatzaizkio. Ea 58. edizio honen begirada probokatzaileak txunditzen gaituen eta enamoraturik gelditzen garen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo