Ipar Koreak «egindako guztia ordaindu» beharko duela dio Seulek
Nazioarteko ikerketa batek «Txeonan» ontzia Ipar Koreako urpeko batek haren aurka torpedo bat jaurtita hondoratu zela agertu ostean, Seulek hitz gogorrak bota zituen Piongiangen aurka. Hemendik aurrera, harreman komertzialak etengo dituztela esan zuen Hego Koreako presidenteak. AEBek sostengua eman zioten Seuli. Txinak zuhurtzia eskatu zuen.
LIM Txang-won (AFP)
Hego Koreak Piongiangi «Txeonan» ontziari egindako erasoa ordainaraziko diola nabarmendu zuen atzo. Horretarako, NBEri Ipar Koreari zigor berriak ezartzeko eskatuko dio eta herrialde horrekin zituen harreman ekonomikoak apurtuko ditu. Aipatutako ontzia Ipar Koreako misilek jo eta gero hondoratu zela dio Hego Koreak.
Washingtonen, Barack Obama presidenteak sostengu osoa eman zion Seuli, eta AEBetako Armadari Hego Koreako militarrekin «lan egiteko» agindu zion Ipar Korearen «eraso berri bat ekiditeko».
Telebistaz emandako agerraldian, Hego Koreako presidente Lee Miung-bak-ek, Ipar Korearen eraso berri bat gertatuz gero, erantzun militarra izango dela adierazi zuen haserre.
«Aurrerantzean, [Hego] Koreak ez du Iparraldearen inolako probokaziorik onartuko eta disuasio proaktiboaren printzipioari eutsiko dio», esan zuen Leek.
«Gure ur, aire edo lur-eremuan sartzen badira, autodefentsarako eskubidea erabiliko dugu», ohartarazi zuen argiki Hego Koreako presidenteak.
Obamak «guztiz egoki» jo zituen Seulek iragarritako zigorrak eta haren Gobernuari Ipar Korearekiko politika berriro aztertzeko eskatu zion.
Martxoaren 26an, Baengnieong-en, bi Koreak banatzen dituen itsasoko mugatik gertu, hondoratu zen «Txeonan» ontzia eta 46 marinel hil ziren ondorioz. Gertaera hori aztertu duen nazioarteko ikerketa batzorde batek Ipar Koreako urpeko batek torpedo bat jaurti zuela ondorioztatu du.
Ipar Koreak, ordea, frogak «asmatu» egin dituela leporatu dio Seuli eta, hortaz, egun bi herrialdeak «gerran izatetik gertu» daudela gaineratu zuen.
Harreman komertziala eten
Iparraldearekin dituen harreman komertzial guztiak etengo dituela adierazi zuen atzo Leek. Ipar Koreak oso ekonomia ahula du eta, beraz, funtsezkoa du Hego Korearekin merkataritza jarduera izatea. Halere, haurrentzako laguntza mantenduko du Hegoaldeak, Iparraldean dagoen baina Seulek ordaintzen duen Kaesong industrialdeko jarduera kasu. Hegoaldean nabigatzeko dauden bideak ere itxiko dizkie Seulek Ipar Koreako ontziei.
Horrez gain, Hego Koreako presidenteak defentsa neurriak areagotuko dituztela nabarmendu zuen. Hegoaldeak «azkenaldian» Iparraldearen «basakeria» onartu duela gaineratu zuen. Seulek Birmanian Hego Koreako presidentearen aurka izan zen atentatua eta 1987an 115 hildako eragin zituen Korean Airlines konpainiako hegazkin baten kontrako erasoa leporatzen dizkio Piongiangi. «Baina hemendik aurrera gauzak aldatu egingo dira. Iparraldeak egin dituen probokazioen mailako ordainari egin beharko dio aurre», agindu zuen Leek.
AEBek gogor kritikatu dute Ipar Korearen erasoa, beste hainbat estatuk bezala. Txinak, ordea, ikerketaren emaitzak zuhurtziaz jaso zituen, eta bi aldeei «neurriz» jokatzeko eskatu zien. Txinaren sostengua ezinbestekoa da NBEren Segurtasun Kontseiluan Ipar Korearen aurkako zigor berriak onartu ahal izateko. Leek horretarako eskaera zuzena egin zuen. Pekinek, ordea, lagun du Ipar Korea eta Kim Jong-il presidentearen bisita jaso du duela gutxi.