GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Galtzearen xarma

Ulertu egin behar da, bai nik baino gehiago, teknologia berrien gainean, haien onurez jarduteko. Berak ni baino askoz gehiago zekien; horregatik adi-adi entzun nion GPSak bidaiak nola aldatu zizkion kontatzen aritu zitzaidan tartean. Udaro atzerrira irteten da oporretan. Milaka kilometro egiten omen ditu familiarekin Europan barrena; iritsi nahi duen lekura galdu gabe iristearen abantailez aritu zitzaidan luze. Hala ari zela gogoratu nintzen autobus geltokian ezagutu nuen gizonaz.

Niri ere makina batean gomendatu didate horrelako tramankulu bat erosteko: «Zu batera eta beste ibiltzen zara-eta». Aspaldian ez didate halakorik esan, jada etsita akaso. Ni, berriz, temoso, etxean mapan begiratu eta irteten naiz joan behar dudan lekura bidean. Ez dut arazorik izaten, eta, galtzen banaiz, galdetu eta kito! Hori pentsatuta joan nintzen orain aste batzuk Iruñera. Jarria nuen hitzordua gainean eta han nenbilen jira eta buelta pazientzia ia agortuta. Hiriaren sarreran egin nuen huts eta mapan begiratutako guztiak alferrik nituen orduan.

Autobus geltokian gelditu, leihoa jaitsi eta «halako kalera (jada ez dut gogoratzen izena) joateko zer bide hartu behar dut?», galdetu nion markesinan eserita zegoen gizon bati. Bertaratu eta irribarretsu esan zidan: «Hemen eskuinetara hartu, beherago biribilgune bat topatuko duzu eta bertan bigarren irteeran irten; ezkerreko bidean jarri, hurrengo bidegurutzean ezkerrera jo behar baituzu. Hura hartu eta zuzen jarraituta berehala topatuko duzu kalea». Azalpena amaitu bezain laster galdetu zidan: «Ez zara bertakoa?». Begi-bistakoa zen ezetz, baina azaldu nion Gipuzkoatik nindoala, bidea etxean begiratu nuela, baina hirira sartu bezain laster galdu eta... Hala ari ginela iritsi zen autobusa. Aurkituko nuela eta autobusera lasai joateko esan nion. «Ez ez nago autobusaren zain. Zu eta zu bezala galduta dabiltzanei bidea erakusten egiten dut lan jubilatuz geroztik», esan zidan, bukatu baino lehen irribarretxoa eginda. «Obrei begiratzea baino hobea izango da, ezta?». Gizonak emandako azalpenei jarraituta berehala iritsi nintzen hitzordura eta garaiz gainera.

Europako hirietan ez galtzeko ederra izango da inondik ere GPSa, txoko guztiak ezagutzeko primerakoa; kalean gelditu eta galdetzeak, ordea, ez esan ez duela xarmarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo