GARA > Idatzia > Ekonomia

Oarsoaldeko udalek lan publikoak egiteko 101 langabe kontratatuko dituzte

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek 101 langabe kontratatuko dituzte zerbitzu publikoak, hiritarren bizitza-kalitatea, ingurua eta ondare historiko eta kulturala hobetzeko. Programa hau bi epetan banatu dute eta lehenengo kontratuak ekainean hasiko dira.

GARA

Oarsoaldeako lau udalek 101 langabe kontratatuko dituzte Gipuzkoako Aldundiak sustatzen duen +Euskadi 09 planaren barruan. Horretarako, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek Lakuako Gobernuaren laguntzaz lortutako 1,1 milioi euro gastatuko dute.

Haritz Salaberria eskualdearen garapenerako agentziaren presidenteak azaldu zuenez, langile horiek zerbitzu publikoak, hiritarren bizitza-kalitatea, ingurua eta ondare historiko eta kulturala hobetzeko lanean arituko dira. Errenteriako Udalak 61 langile kontratatuko ditu; Lezokoak, 11; Oiartzungoak, 11; eta Pasaiakoak, 16.

Kontratuak bi epetan banatuko dira. Lehenengoa ekainean hasiko da, 61 pertsonarekin: 11 toki publikotako garbitzaileak, lau igeltsero, bost margolari, kazetari bat, bi arkitekto, informatika teknikari bat, zazpi administrari laguntzaile, bederatzi lorezain, lau basozain, bost delineatzaile, bi merkataritza teknikari, bi turismo eragile eta haurren heziketan aritzeko sei pertsona.

Bigarren epealdia azaroan hasiko da. Beste berrogei pertsona kontratatuko dituzte: hamabost igeltsero, zazpi elektrikari, lau errementari, bi zurgin, bi iturgin eta kazetari bat.

Abadiñoko langabeentzat

Bestalde, Abadiñon ere enplegua suspertzeko programa bat antolatu dute bertako Udalak eta INEMek. Ekimen horren bitartez, zortzi langabek gaueko zaintza egingo dute, laguntza emango dute bideko-segurtasuna hobetzeko eta espaloiak konpontzeko lanak egingo dituzte.

Jose Luis Navarro alkateak atzo adierazi duenez, programa horren bidez, parte-hartzaileek lana galdu aurretik zuten diru-sarrera berreskuratuko dute bost hilabetez.

Egitasmo horretan parte hartuko duten zortzi lagunak Abadiñokoak izango dira, eta INEMeko zerrendetan izena emanda jarraituko dute. Hala ere, Udalarentzat zeregin horiek egiten dituzten bitartean, haien prestazioa edo langabezia-saria -420 euro hilean- igoko da, haien lanpostua galdu aurretik zuten kotizazio-oinarriraino hain zuzen; eta, horrela, errenta berreskuratu ahal izango dute. Zortziak bost hilabetez arituko dira gehienez programa horretan.

Epe hori bukatutakoan, langabezian dauden beste lagun batzuek beteko dute haien postua. Hasiera batean, programak urtearen amaiera arte iraungo du; iraunaldi horren edozein unetan, parte-hartzaileek bertan behera utzi ahal izango dute, lan-merkatuan sartzeko aukerarik sortuz gero.

lanbideak

Garbitzaileak, margolariak, arkitektoak, informatika teknikariak, administrariak, basozainak, lorezainak, turismo eragileak, haur hezitzaileak, igeltseroak,elektrikariak, zurginak, errementariak eta kazetariak eskatuko dituzte programako lanpostuak betetzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo