Euskal ekoizpenak jasoko ditu dFeriaren trantsizioko edizioak
Ekainaren 22tik 24ra ospatuko da Donostiako antzerki eta dantza azoka eta hamasei ikuskizun eskainiko dira bertan. Krisia dela eta, orain arte kolokan egon den arren, euskal ekoizpenak bakarrik ikusiko dira azkenean, hori baitzen dFeriak aurrera egiteko zuen bide bakarra.Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Aurtengo edizio hau aurrera ateratzeko atzera-aurrera ibili ondoren, azkenean izango da dFeria ekainean. Izan ere, «krisiak feriari eragin dio» Denis Itxaso Kultura eta Gazteria zinegotziak azaldu duenez. Dena dela, «ahalegin bat egin beharra» zegoela erabaki zuten, Euskal Herriko «antzerki eta dantzaren zabalkunde eta sustapen plataforma» honek aurrera jarraitzeko. Horregatik, «esfortzu guztiak euskal ekoizpenean zehaztu dira».
«Antzerki eta dantza elkarteen, programatzaileen eta erakundeen arteko konpromisoa» behar dela nabarmendu du Haritz Solupek, Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sustapen eta Zabalkundeko zuzendariak. Gainera, dFeriaren etorkizunaren inguruko kezkak izan dituzte orain arte eta, horregatik, hainbat balorazio egingo dira «noraino den eragingarri eta eragile» jakiteko. Horretarako, dFerian zehar, hilabetera, hiru hilabetera eta sei hilabetera jasotzen dituzten kontratazio kopurua eskatuko zaie antzerki eta dantza elkarteei.
dFeriaren zuzendari Norka Chiapusoren ustez, «interes handia sortuko du» antzerki eta dantza sektorean, eta gerora «oihartzun handia» izango du.
Hainbat estreinaldi izango dira hiru egun horietan. Hala nola Fingersix taldearen «La sonrisa ganadora» dantza ikuskizunaren estatu mailako estreinaldia, Ertza taldearen «Urrunetik ametsetan», eta baita gaztelaniazko bertsioak ere; besteak beste, Hika taldearen iazko Donostia Antzerki Saria jaso zuen «El viaje de mi padre» edo Tanttaka taldearen «La mujer justa». Haurrentzako ikuskizunen artean Golden Apple Quartet-en «Goibel» antzezlana eskainiko da besteak beste.
Krisia dela eta, sarreren salneurria «herritar guztientzako» modukoa izango dela argitu du Itxasok. 3, 10 eta 15 euro bitartekoak izango dira, antzokien arabera. Ikusleak erakartze aldera, salneurri horiei Donostia Kultura txartela eta beste hainbatekin lor daitezkeen deskontuak gehitu behar zaizkio.
Antzerki eta dantza azoka honen etorkizunari buruz galdetuta, inork ez dauka argi zer erantzun eman. Aurten «hausnarketa prozesu bat» hasi da lan batzorde batekin eta dFeria amaitutakoan jaialdiaren gaineko balorazioa egingo dela esan du Chiapusok. Hausnarketan aurkitu nahi dituzten formulekin, datorren urtean berriro ere dFeria egin ahal izatea espero dute.