GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Israelek Hegoafrikako apartheidari armamentu nuklearra saldu nahi izanaren gaineko bi irakurketa

Israelgo Estatuak beti ukatu duen arren, arma nuklearren jabe zela gauza jakina zen. Atzo «The Guardian» egunkariak horren inguruko frogak argitaratu zituen, Hegoafrikako apar-theid garaiko Gobernuari bere garaian arma klase hau saldu nahi izan ziola erakusten duten dokumentuen berri emanez. Berri horrek irakurketa bikoitza du. Alde batetik, ikuspuntu historikotik, segregazioaren auziak Israelgo Estatuaren eraketan izan duen garrantzia mahai gainean jartzen du, berriro ere. Desberdintasunak desberdintasun, Israelek palestinarrekin duen jokabideak antzekotasun handiak ditu apartheid sistemarekin. Eta bi gobernu horien arteko loturak horren adierazle dira. Beste alde batetik, gaurkotasun politikoari begira, Israel indar nuklearra dela azaltzen duen «berria» oso esanguratsua da, une honetan eta auzi honi dagokionez, Israelek eta AEBek bultzatutako bertsioaren arabera, Iran delako balizko arriskua eskualdean. Gainera, auzi honetan Brasilek eta Turkiak Teheranekin erdietsitako akordioaren aurrean AEBek zein erreakzio izan duten ikusita, benetako arrisku nuklearra Israel dela onartu nahi ez zuten diplomatiko itsu, gor eta mutuek gero eta zailagoa dute beren jokabidea defendatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo