GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Sistema berriaren botikak ez du inolako eraginik izan pilotalekuetan

Pilotazaleek betiko txapelketarik garrantzitsuena izan denari atzea ematen segitzen dute, igandeko neurketa ikusteko 100 lagun inguru baino ez baitziren hurbildu Bergarara.

p038_f01_444x444.jpg

Jon ORMAZABAL

Gaixo zegoen Buruz Buruko Txapelketa osatzeko enpresek prestatu zuten botikak ez du, inondik inora, antolatzaileek espero zuten eraginik izan eta, txapelketaren lehen fasea amaitu berri den honetan, EPELeko enpresek egindako apustuak huts egin duela esan daiteke inolako ezbairik gabe.

Izan ere, koadroko pilotaririk erakargarrienen aldeko hautua egin zutenean, jendea pilotalekuetara hurbiltzea izan zen erabilitako argudiorik sendoena eta azken partidetara hurbildutako ikusle kopurua lotsagarria izan da. Igandean, Bergarako udal pilotalekura itzuli zen pilota profesionala urtebeteko etenaldiaren ondoren, eta herriko jaiak izanagatik ere, ehun pertsona inguru baino ez ziren hurbildu frontoira. Dudarik ez dago jokoan ezer ez egoteak -ligaxka sistemak beti duen arriskuetako bat da- baldintzatu egin zuela sarrera, baina ez da, inondik inora, arrazoi bakarra. Izan ere, larunbatean Labriten finalerdietarako azken txartela jokatu baitzuten Patxi Ruizek eta Julen Retegik eta, orain arte hobekien erantzun duten Labriteko harmailak ere erdi hutsik baitziren.

Areago, aurreko astean, azken bi txapeldunen arteko demak, Martinez de Irujo eta Oinatz Bengoetxearenak, oso erantzun eskasa izan zuen Atano III.ean.

Enpresetako arduradunen esanetan, saldutako sarrera kopurua aurreko urteetakoa baino apur bat hobea izan da, baina igoera huskeria da pilotaririk onenak aritu direla kontuan izanik.

Arrazoiak

Binakakoak eta Lau eta Erdikoak erantzun bikaina izaten dute. Buruz Burukoak, ordea, ez du jendea asetzen eta partida orekatu bat ikusteko aukerak murritzagoak izateari egozten diote errua enpresetatik.

Gabeziak, ordea, sakonagoak eta ugariagoak dira. Aimarren eta Gonzalezen lesioek txapelketa hanka-motz utzi zuten. Pilotari batzuen saturazioa, araudi finko baten gabezia eta pilotazale berrien gustu berrietara moldatu beharra ere aztertu behar dira. Finalerdietan gauzak hobetuko diren esperantza dute Aspe eta Asegarceko bulegoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo