SURFA Munduko zirkuitua
Aranburu nabarmen igo da rankingean Brasilen irabazita
Zarauztarra 35. postuan kokatu da sei izarreko maila duen Maresia International txapelketan gailenduta. Urrats garrantzitsua, munduko onenen artera itzultzeko.Asier AIESTARAN
Aritz Aranburu surflari euskaldunak goi mailako garaipena eskuratu zuen igandean Brasilen. Zarauztarra nagusi izan zen Florianopolisen, Santa Catarinako kostaldean, jokatutako Maresia Surf International txapelketan, munduko zirkuiturako baliagarria den sei izarreko lehiaketan. Garaipen horri esker, Aranburu 35. posturaino igo da nazioarteko rankingean eta urrats garrantzitsua eman du epe ertainean berriz ere gorengo mailara itzultzeko.
Ez zuen bide erraza izan zarauztarrak garaipena lortu ahal izateko. Final-laurdenetan Leandro Bastos kanporatu zuen (11,93-10,33), finalerdietan Caio Ibelli (12,40-11,17) eta finalean Rodrigo Dornelles (12,67-6,67). Denak brasildarrak, etxean ari zirenak beraz, eta Dornelles bera 36 urteko beteranoa, esperientzia handiko kirolaria. Garaipenari esker, Aranburuk 20.000 dolarreko diru-saria bereganatu zuen eta 3.000 puntu sailkapenerako.
«Oso pozik nago. Niretzat lehiaketa oso ona izan da, egun nahiko gogorrak izan ditugun arren, gaur dena oso ongi irten zait. Zoritxarrez, ez ditugu oso olatu onak izan finalean. Ezin izan dut nire surfik onena egin, baina nahikoa izan da irabazteko. Rodrigo (Dornelles) surflari handia da, eta niretzat ohorea izan da finala bere aurka jokatu ahal izatea. Asko pozten nau Brasilen garaipen hau lortu izanak», esan zuen probaren amaieran ASPren webgune ofizialari eginiko adierazpenetan.
Berriz ere Brasilen
Azken bi urteetan munduko 45 surflari onenekin zirkuitu osoa lehiatzeko aukera izan ostean, gorengo maila horretara itzultzea da Aritz Aranbururen helburua, eta hori lortzeko bidean garaipen garrantzitsua da asteburukoa. Zentzu horretan, deigarria da orain dela hiru urte ere, 2007an, top-45ean sartzea lortu zuen urtean, beste garaipen oso garrantzitsu bat lortu zuela gipuzkoarrak Brasilen bertan. Orduko hartan, WQS rankingeko lehen postuan jartzea lortu zuen eta denboraldi osoan aurreneko 10-15 postuei eusteko gai izan zen, Zarautzen garaipena lortuz eta maila handiagoko beste zenbait probetan ohorezko postuak sinatuz.
Azken emaitza bikain honek konfiantza eman behar dio Aranbururi datozen hilabeteetan izango dituen hitzorduetan bere maila onena eman ahal izateko. Datorren hilean, urrunago joan gabe, Sri Lankako txapelketan arituko da oraindik 24 urte besterik ez dituen surflaria.