GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Enrike Letona Biteri | Arrasate

Joxepak ezin izan du jaso semearen azken besarkada

Joxepa Arregi hil zaigu astelehen honetan. 92 urte zituen eta horietako asko eta asko espetxez espetxe ibili da, Garratz, bere semearen atzetik. Izan ere, Garratz espetxez mugitzeak Josepa martxan jartzea zekarren. Beste ama eta senide askok bezala, zenbat kilometro ez zituen egingo...

Eta nolako duintasunez, gainera! Gainera, Etxerateko lehendakaria izanda, hori baino askoz gehiago ordezkatzen duzu, Joxepa, inoiz itzaliko ez den kriseilua piztuta ikusten dugu zure eskuetan, nekaezina, etengabe aurrera eginez. Espetxeak ezagutu ditugunok ederki asko dakigu nolako babesa izan zareten guretzat zu eta zu bezalako milaka ama galantak.

Baina aurrez aurre ditugunok ederki asko dakite hori. Behin eta berriz hemen batzuk bakarrik sufritzen dutela adierazten duten horiek, berriz ere min egitera joan dira eta min egin dute gainera, min itzela. Gure laguna den Jesus Mari Zabartek, Garratzek, ziega ilun batean jakingo du bere ama, berari bizia emateaz gain, berarengatik hainbeste egin duen ama ez duela gehiago ikusiko.

Bere malkoak aurpegitik zehar lerratuko dira porlan zikineraino eta tripako korapiloa denbora luzean izango du askaezin. Heriotzatik inor ez da libratzen eta Joxepak zuen adinarekin gertu egon zitekeela susmatzen genuen. Joxepa gaixorik jarri zenetik, eta bere txosten medikoak garbi adierazten zuten egunetako kontua zela, Garratzek ama ikusteko, amari azken besarkada emateko, baimena eskatu zien espetxeko zuzendaritzari eta Zaintza epaileari.

Ez da zerbait berezia, ez da pribilegioa, legeak edozein presori permititzen dion eskubidea da. Garratzek legea, beraiek egindako legea gainera, aplikatzeko eskatu du. Behin eta berriz legea bete egin behar dela dioten horiek zer egin dute oraingoan? Bada, beste askotan bezala. Garratz Granadatik trasladatu dute, baina ez ama ikusteko, Jaeneko espetxera baizik. Horrela betetzen dituzte legeak hauek! Izan ere, legea bete balute, legeak bete behar diren bezala, Garratzek ez zuen eskaerarik egin beharko, aske egon beharko lukeelako, bere zigorra aspaldi bete duelako oso-osorik, beste lagun askok bezala.

Orain arte herritarrei zuzendu natzaie. Orain, azken lerro hauek, Garratz, hiretzat dituk lagun. Badakik ama ondo babestuta eta mimatuta egon dela azken arnasaraino. Arlo horretatik bazekiat lasai hagoela. Ezin izango duk besarkatu, baina asko izango gaituk, hire ama agurtzera joango garenean, hire begiekin ikusiko dugunok.

Asko izango gaituk hire mina sentituko dugunok eta horrek hire mina eta amorrua arinduko duela espero diat. Ziur nagok gure maitasuna helduko dela hiregana. Une gogor hauetan hirekin gaituk, Garratz, baina nola ez, aurretik ere hirekin gintuan. Zuekin gaude!

Agur eta ohore, Joxepa!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo