Joxean Agirre Agirre | Donostia
Ekin gogor
Joxepa Arregi Egidazu hil zaigu. Guztioi, bai, obituario arruntetan beste esapide batzuk erabiltzen diren arren. Emakume berezia zen, eta islatzen zuen indarrak sarri ezkutatzen zuen bere baitan zeraman kristalezko bihotza. Arrasatearra, Musakola auzoko Garratz baserrian jaio zen 1919an, eta txikitandik gorriak eta bi pasarazi zizkioten. Hamaika anai-arreba zirelarik, 14 urterekin eskola utzi eta neskame jardun zuen, harik eta gerra hasi zen arte. Gerra ondorenean ezkondu zen Tomas Zabarte senarrarekin, baina hirugarren semea izateko zegoela, hil zitzaion gizona. Orduz geroztik, nahikoa lan bizimodua aurrera ateratzeko.
Jesus Mari bere semea ETAko boluntario izan da oso gaztetatik eta, berari entzunda, ama ez zen sukaldean esperoan geratzen zen horietakoa. Joxepak ausardiaz ekin zion bizitzari, eta konpromiso sendoenari ez zion sekula bizkarrik eman. Ez isilpekoari, ezta publikoari ere, Etxerateko ohorezko presidentea zela hil baitzaigu. Nolanahi ere, gustukoen hartuko zuen izenondoa emakume «borrokalaria» izango zen, borrokaldi etengabea izan baita bere bizitza luzea.
Besarkatzean, «ekin gogor» zeukan hizkune kuttun, ikasia baitzuen nonbait ibilbidean giharrak lasaitzeak helburuak urrutiratzen zituela. Hala eta guztiz ere, helmugari erreparatu zion beti, irabazteko beharrari, soilik horrela izango du-eta bakea Herri honek. Azala eta bisaia lakartuta ere, leunaren hauskortasuna inoiz galdu ez zuen giza-ikurra izango dugu betiko.
Agur eta ohore, Garratz baserriko Joxepa.