Ariane Kamio Kargua
Kea, kea eta kea
Ederki astindu zuen ustekabeak igande hartan. Inork espero ez zuena gertatu zen eta kritikak dantzan jarri zituen. Hau ez da zorigaiztoko baten kronika edo hondamendi baten adierazpena, baina hamaika buruhauste ekarri ditu eta gerora ere ekarriko dituela aurreikusten da. «Diario Vasco»k eman zuen primizia orain hamar egun, maiatzak 16 zituenean (Gipuzkoako prentsaren «inperioak» dituen abantailak dira). Donostiako alkate Odon Elorzak «isilka» egindako hausnarketak plazaratu zituen, Tabakaleraren egitasmoaren inguruko zalantzak agerian utziz. Handik aurrera gertatutakoak aski ezagunak dira «kulebroi» horren jarraipena egin dutenentzat. Lakuak eta Gipuzkoako Aldundiak Elorzaren hausnarketa aintzat hartu eta milioika euroko kostua izango zukeen egitasmoan «aldaketak» egitea adostu dute. Horren atzetik, Joxean Muñozen dimisioa eta Tabakaleraren ke arteko egonaldia etorri dira.
Eta gerora zer? Gaia baretzen ari den neurrian are eta ke gehiago antzematen da Kultura Garaikidearen Zentro berria izan behar zuen proiektuaren gainean. Milioika euroko kostua duen egitasmoa «saldu» dute agintariek orain gutxira arte, eta badirudi Administrazio Kontseilua osatzen duten hiru instituzioek gastuak murriztearen aldeko apustua egingo dutela aurrerantzean.
Ez da zilegi egitasmoak sor ditzakeen kostuen eta gero ekar zitzakeen ondasunen kalkuluak egiten hastea, ez baita erraza krisialdi egoera batean zenbakiekin jolasean aritzea. Baina, zilegi al da Administrazio Kontseiluarekin aurrez hitz egin gabe, eta are gehiago Donostiako alkate izanda, egoera guztiz nahaspilatuko duten hausnarketa horiek egunkari batean plazaratzea? Eta, are gehiago, zilegi al da azken hilabeteetan puntako egitasmo bati babesa eman eta egun batetik bestera goitik beherako aldaketa proposatzea egoera guztiz aldatzearekin batera? Krisi egoeran bagaude, inork ez al zuen aurreikusten gehiegizkoa izan zitekeela horrelako berrikuntza bati baiezkoa ematea?
«Proiektuarekiko koherentziagatik eta konpromisoagatik» atzean utzi du Joxean Muñozek urte luzeetako lana eta, tamalez, ke artean egin behar izan du. Erretzaile gehiegi, akaso, errautsak hautsontzi berean bota nahi dituztenentzat.