GARA > Idatzia > Ekonomia

Baserritar bat hil da Urrotzen belarra mozten ari zela, traktoretik erorita

Xebe Matxiñena 42 urteko baserritarra hil zen joan den astelehenean Urrotzeko Iriartekoborda baserrian, lan istripu baten ondorioz. Langilea belarra mozten zebilela, erabiltzen ari zen traktorea maldan behera erori zen. Euskal Herrian 33 pertsona hil dira aurten lan istripuz.

GARA

Baserritar bat hil zen joan den astelehenean Urrotzen, pisu handiko traktore batekin belarra mozten ari zela Iriartekoborda baserrian. Traktorea irristatu eta maldan behera zihoala, gizona traktoretik erori zen, LAB sindikatuak ezagutarazi zuenaren arabera.

Hildakoa Xebe Matxiñena da, 42 urteko baserritarra. Larrialdietako zerbitzuek 22.40ean jaso zuten istripuaren berri eman zuen deia, baina laguntzeko taldeak iritsi zenerako, langilea hilda zegoen. Nafarroako Gobernuko iturrien arabera, istripua 20.30 inguruan gertatu zen, eta traktoreak, iraultzean, airean bota zuen baserritarra, haren gorpua ibilgailutik hainbat metrotara aurkitu zutelako.

Nafarroako Larrialdietako Agentziak anbulantzia, erizaina eta mediku bat bidali zituen istripua gertatu zen baserrira, baina ezin izan zuten ezer egin. Langilearen gorpua Nafarroako Lege Medikuntzako Institutura eraman zuten autopsia egiteko. LAB sindikatuak salatu zuenez, istripu hau eragin duten inguruabarrak beste askotan ere agertzen diren ezaugarriak dira.

Presioak

«Lan abiadura eta nekea eta denboraldiko lanak agudo egin beharrak» aipatu zituen, «sektoreak pairatzen duen lan baldintza kaskarrak» nabarmentzeko.

Sindikatu abertzalearen arabera, baserritarrek jasan behar duten presioa «hagitz bortitza da» eta halakoak gertatzen dira «belarra moztu eta pilatze lanean, presaka, eguraldiaren zain eta bertze lan zamaren presiopean» aritu beharra dutelako.

Langile hildakoaren senideei, lagunei eta lankideei dolumina eta elkartasuna adierazteko, istripua gaitzesteko eta egoera hori salatzeko, LABek elkarretaratzea deitu du bihar 11.30erako Donostiako INEMeko bulegoaren ondoko biribilgunean.

33 hildako

Urrotzen gertatutako lan istripu honen ondoren, aurten dagoeneko 33 pertsona hil dira Euskal Herrian halako ezbeharretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo