GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Kalera ateratzeko arrazoiak

«Etorkizuna oso ilun ikusten dut, mobilizatu beharra dugu»

Sektore publikoa osatzen duten hamaika lanbidetako ehunka langilek, baita erretiroan dauden askok ere, Gobernu espainolak iragarri dituen neurriak enplegu eta zerbitzu publikoen aurkako eraso orokorra direla salatu zuten.

p002_f04_190x104.jpg

Amaia ZURUTUZA

Ikastetxe, udaletxe, Aldundi, erietxe, komunikabide eta beste hamaika eremutako langileek «Sektore publikoa borrokan; enplegu eta zerbitzu publikoen alde» lelopean Donostiako kaleetan zehar manifestazioa egin zuten atzo. GARA egunkariak egindako galderei erantzun zieten manifestarien artean hiru ideia nagusi nabarmendu litezke. Batetik, zerbitzu publikoen arloan egin nahi dituzten murrizketak onartezinak direla eta neurriak baliabide gehien dutenei ezarri behar zaizkiela; bestetik, mobilizatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dela; eta azkenik, langile nahiz erretirodunek etorkizunean gerta litekeenaren inguruko kezka azaldu zuten.

«Donostiara etorri gara soldata jaitsi nahi digutelako, baina baita neurri hauekin batera are murrizketa handiagoak etor daitezkeelako ere», adierazi zuen Zegamako Migel Alustizak. Era berean, «aurre egin behar diegu, bestela ez dute mugarik izango», gaineratu zuen.

Donostiako ikastetxe publiko batean lan egiten duen Ana Olibanek ere Gobernu espainolak iragarri dituen neurriei aurre egin behar zaiela nabarmendu zuen, baita Euskal Herrian beste neurri batzuk hartu behar direla aldarrikatu ere. «Ni sukaldaria naiz eta soldata baxua daukat. Egin behar dutena diru gehien dutenei zergak igotzea da», esan zuen Olibanek. Sektore publikoko langile Mailu Iragorri oiartzuarrak ere «gehien kobratzen dutenei kendu» beharko lieketela adierazi zuen. «Jendeak uste du asko kobratzen dugula, baina askok ez dugu hainbeste kobratzen», gaineratu zuen.

Juanjo Arrieta 65 urteko segurarrak, berriz, honakoa zioen: «Ni batez ere protesta egitera etorri naiz, besteak beste, nire seme-alaba eta bilobengatik». Izan ere, «etorkizuna oso ilun ikusten dut eta jendeak manifestazioetara etorri behar duela uste dut arazoa oso potoloa delako». Faustino Afazeta erretiroa hartutako donostiarrak ere «neurriak oso txarrak eta kezkagarriak» direla baieztatu zuen eta Donostiako martxan parte hartuz «behintzat» protesta egitea zuela helburu azaldu zuen. Martxa honetan, ordea, «betikoak aterako gara galtzaile», gaitzetsi zuen.

EITBko LABeko ordezkariak ere manifestazioan ibili ziren. Joxe Mari Ibarburuk azaldu zuenez, orokorrean murrizketen aurka daude, ez soilik %5eko soldata jaitsieragatik, baizik «neurri horiek aurrerantzean eragin zuzena izango dutelako zerbitzu sozialetan». Zentzu horretan, zerbitzu publikoen murrizketen ondorioak «oso gogorrak» izango direla baieztatu zuen eta jendartean eragin handia izango dutela. Gainera, ondorioak «langileek ordainduko dituzte eta ez aberatsenek», salatu zuen.

Donostiako Udaleko langile batek murrizketak aspaldi nabaritzen hasi zirela azaldu zuen, baita egoera okerrera egiten ari dela ere. «Kalera ateratzen ez bagara, honek okerrera egingo du», adierazi zuen.

Ander Zubeldia irakasleak, berriz, soldata murrizketaz haratago, ezarri nahi dituzten neurrien ondorioz kaltea «hezkuntza komunitate osoak» sufrituko duela adierazi zuen. «Sekulako atzerapausoa da eta zerbitzuaren kalitatea ere asko kaltetuko da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo