GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jasone Manterola | Zornotza

Joxepa (Jesus Mari Zabarteren ama)

Joxepa, ez dakit zelan agurtu, ezin zaitut agurtu, betiko zaitugu eta. Gustatuko zitzaidakeen zuri hiketan zuzentzea, hain ondo menperatzen zenuen hizkeran, baina zoritxarrez nik ez dut hiketan ikasi. Tanatorioan izan nintzen, beste lagun askoren artean, eta zure gorpua ikusi nuen, asko kostatu bazitzaidan ere. Han egon zen zure familia guztia, lagun piloa, Ino Galparsoro, Xabier Zubizarreta, herriko lagunak, Jon Agirre Agirianoren eta Lurdes Txurrukaren familia, zure Legazpiko lagunak, Itxaso eta Eneko eta neu, besteak beste... Baina ez, ez zinen zu, zure gorpua besterik ez zen han.

Nire oroimenean dagoen Joxepa domekan ikusi zintuztenen Joxepa da, burua bizkor, beti zureengan pentsatzen, eta bereziki Jesus Marirengan, eta gorputzaren kexaz, gorputz tonto horrek ez zizulako erantzuten. Nire oroimena hainbeste bidaiatan eta ekitalditan, omenalditan eta manifestaziotan ezagutu dudan Joxeparena da, inoiz ez kexaz, beti prest, beti umoretsu, borrokolari sutsua, ama, amama, birramama, lagun, kide.

Ez dut esango lerro hauetan zenbat bizipen izan dituzun, ezagutzen zaituztenek badakite eta! Zure bizitza gogorra izan da, baina beti aurrerantz egin duzu! Guretzat, hainbat seniderentzat, eredu izan zara, zure kemenaz, zure goxotasunaz, zure indarraz, zure presentziaz.

Benetan, Joxepa, eredu izan zara eta maite zaitugu. Zure helburua beteko dugu, Jesus Mari eta beste preso guztiak etxera ekarriko ditugu. Zure omenez, zin degizut!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo