GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Urki Muguruza | Zarautz

«Itxaferoak», izozkiak eta errauste planta

Imanol Lasa Zarauzko Turismo zinegotziak Euskadi Irratiko «Faktoria» saioan egindako adierazpen bat zabaltzera nator aditu ez zenutenentzat. «...gure herriko festetan, izozkia ahoan dugula, hain gustura ikusten ditugun itxaferoek, errauskailuak urtebetean baino gehiago kutsatzen dute». Hitzez hitz. Beraz, aurten, ez da itxaferorik izango.

Errauste plantaren inguruan, Manu Etxezortuk txukun gidatutako elkarrizketa saio batean, esan zuen astearte honetan. Niri iruditzen zait argazki oso interesgarria jarri zigula hitzetan; kutsaduraren arazoarekiko halako irribarre hipnotizatua. Eta inpotentzia zaporeko izozkia ahoan dutela, jarrera sumiso eta pasibo batean. Denak norabide berera begira. Gauza berari begira.

Jendea informazio falta handian dago. Itxaferoak aurretik eta porlana bizkarretik. Konturatu ez gaitezen. Ez naiz batere fio politikarien datuez. Sinesgarritasun guztia galdu dute inkestek. Interesa eta interesa. Dirua falta da, baina inoizko inbertsiorik handienak aurreikusten dituzte. Nora goaz? Eat the rich?

Birziklatzeko garrantzia. Horixe zen bi elkarrizketatuak ados zeuden gaietako bat. Zergatik ez dituzue etxebizitza hutsak birziklatzen? Zarauzko gazteok ezin dugu etxebizitza bat eskuratu, hutsak hutsik mantentzen direlako. Hor bada nahiko lan Turismo zinegotziarentzat. Birziklatzeak garrantzi handia duela, ados gaude denok. Gutxiago esan, eta gehiago egin.

Eta zaborraren inguruan, uste dut jendea saiatzen dela gauzak ongi egiten, baina zertarako egin, edukiontzian utzi eta ondoren esku interesatuetara igaroko bada zaborra? Datuak manipulatzeko erabiliko badute? Atez ateko sistemaren datuak gutxiestea horren sintoma besterik ez dela uste dut. Zergatik ez atez atekoa Zarautzen? Bosgarren edukiontziak, gutxienez, zabalik egongo balira... Baina giltzaz itxita dituzte herrian.

Ah! Eta txosnak, Munoa! Ez baikara, izozki batengatik, erraz engainatzekoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo