Lander Garro Idazlea
Anakronismoak
Tobias Wolffen liburutxo bat irakurtzen ari nintzen lehengoan, “Vieja escuela” (euskaraz ez dago). AEBetako garai bateko eskolez dihardu liburuak, eta haietan zuten literatura jorratzeko moduaz. Batxilergoan, idazle bat gonbidatzen zuten hilean behin, eta ikasleetako bati idazlearekin paseo bat emateko aukera ematen zioten. Horretarako, ikasleek eurek idatzitako testuen artean bakarra hautatzen zuen idazleak, gustukoena, eta testuaren egilearekin biltzen zen. Gerra izaten zen gazteen artean, nork irudirik ederrenak bilduko, nork pertsonaia deigarrienak sortuko, nork tramarik sendoena osatuko. Lehendik ez nuen asko ezagutzen Tobias Wolff. “Vida de este chico” liburuan oinarritutako filma ikusi nuen aspaldi, Robert de Nirok eta Leonardo di Capriok jokatutakoa. Film autobiografikoa zen, eta seme-ordea jipoitzen zuen aita-ordearen istorio ederra kontatzen zuen, petrala eta gogorra. Ez nekien, egia esan, horren idazle bikaina zenik, hemengo (eta hango) idazleen artean ez baita usu ageri idazle eredugarrien zerrendan (irakurri ez dutelako segurutik). Eskola zaharreko kontakizunera itzuliz, “El club de los poetas muertos” filma etorri zitzaidan burura, literaturari eta literatura zaletasunari gorazarre egin zion film saritu hura: Oh captain my captain!, gezurra dirudi literatura ikastea garai batean epikarekin eta misterioarekin lotuta egon zitekeenik pentsatzea. Gezurra baino, anakronismoa. Baina hala izango zen, eta hala kontatzen digutenean, harri eta zur geratzen gara: saritu egiten dugu. Gero, liburuak badirenik ere ahanzten dugu: liburuak, paperezko adreilu gogaikarri horiek!