San Mames Barria abian, polemika eta guzti
San Mames Barriaren lanak hasita daude atzotik eta, gauzak ondo bidean, bi denboraldi barru bertan jokatuko ei du Athleticek, estadioaren «eraztuna» bukatzeko lanak beste urtebetez luzatuko badira ere. Baina atzoko ospakizunaren anekdotaren gainetik, lehen harria jarri baino lehenagoko polemikak iraun egingo du aurrerantzean ere: alde batetik, futbol taldea denen ondasuntzat dutenek arrazoizko finantzaketa dela esango dute. Badira, hala ikusita ere, zer instituziok ordaintzen duten, ondo edo txarto irudituko zaienak, eta polemika herrialde arteko lehiara mugatzen dutenak ere bai. Eta bestetik, badira entitate pribatu baten azpiegiturak diru publikoarekin finantzatzeko egokitasunik inondik inora sumatzen ez dutenak, eta krisi ekonomiko betean burugabekeria iruditzen zaienak. Ezin esan bigarren horiek arrazoi falta dutela; hala ere, badira zenbait elementu eztabaida kokatzen lagundu dezaketenak. Errentagarritasun aldetik, amortizatuta dagoen azpiegitura da, eta erabilgarritasun publikoa izango duena. Horren aurrean, edozein egunetan izaten dira albiste batere errentagarritasunik ez duten milioi askotako proiektuetarako aurrekontuak. Denon diruarekin ordaintzen diren estatu, autonomia erkidego edo herri mailako hainbat azpiegitura, baita kirol arlokoak ere, beharrezkoak izan ez eta, maiz, kaltegarri ere badirenak.