ELAk eta LABek grebara deitu dute Gipuzkoako eraikuntza sektorea ekainaren 16tik aurrera
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako eraikuntza sektorean langileen %80 ordezkatzen duten ELAk eta LABek greba iragarri dute heldu den ekainaren 16tik aurrera. Astero lanuzteak egingo dituzte asteazken, ostegun, ostiral, larunbat eta igandean.
Atzo Donostian egindako agerraldian, bi sindikatuotako ordezkariek nabarmendu zuten hazkunde ekonomiko garaian eraikuntzak eman zituela irabazirik handienak, eta hori «sektorean nagusi izan den prekarietatearen ondorio» dela salatu zuten. Alde horretatik, patronala «asegaitza» dela salatu zuten, eta gaineratu zuten irabaziak handitzeko bidean sektorearen hitzarmena ez aplikatzera heldu dela, horrek dakartzan ondorioekin.
Enpresariek, gainera, administrazioen «konplizitatea» dutela kritikatu zuten ELAk eta LABek, horiek sustatzen dituzten lanetan Gipuzkoako hitzarmena ez aplikatzea onartzen baitute.
Hain zuzen, obra guztietan aipatu hitzarmena aplikatzea bermatuko lukeen klausula bat ezartzeak garrantzi handia hartu du patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioetan, soldaten igoera eta beste zenbait lan-baldintzekin batera. Orain arte, bederatzi bilera egin dituzte, baina patronalak negoziazioa blokeatzen duela salatu dute sindikatuek.