GARA > Idatzia > Ekonomia

Euskal herritarren urteko errentak 33.014 eurokoa izan behar luke BPGren arabera

Euskal Herriko ekonomia eta gizartearen garapena aztertzen dituen Gaindegia-k 2009ko txostena aurkeztu zuen atzo. Besteak beste, Euskal Herrian aberastasunaren kontzentrazio handia dagoela azaldu zuten.
p020_f01_148x128.jpg

GARA | BILBO

Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, Gaindegiak, 2009. urteko txostena aurkeztu zuen atzo Bilbon. Hirugarrenez, Gaindegiak egungo ekonomia eta gizarte arloko egoera hobeto ulertzeko gakoak bildu ditu argitalpen batean, hamaika datu eta informazio mordoa emanez.

Txostena osatzen parte hartu dutenen artean, Nekane Jurado ekonomialariak Euskal Herriko ekonomia-adierazleen gaineko hausnarketa kritikoa eskaini zuen.

Adierazle orokorrei so eginez, besteak beste, migrazioaren ondorioz 2009an Euskal Herriko biztanleria hazi egin zela azaldu zuen, baita biztanleria osoaren %70 hiriburuen inguruko eskualdeetan biltzen dela ere. Hala nola, zahartze-tasa Europar Batasuneko (EB) batez bestekoaren gainetik dagoela esan zuen eta biztanleriaren %18,6k 65 urte baino gehiago dituela. Jaiotze-tasa berriz, EBko batez bestekoa baino 2,3 puntu txikiagoa da.

Juradok azaldu zuenez, egungo krisi egoeran, berebiziko garrantzia dute datuok. Izan ere, barne produktu gordinak (BPG) azken hamarkadan gora egin du eta gaur egun biztanle bakoitzeko urteko errenta 33.014 euroan kokatzen da. Europar Batasunaren batez besteko maila baino %33 gorago.

Hala ere, erdi mailako pentsioak eta herritar gehienen soldatak mila euroren bueltan dabiltzala azaldu zuen Juradok, eta beraz, 33.014 euroko zifratik oso urrun daudela.

Datu honek erakusten du, Juradok azaldu zuenez, zer-nolakoa den aberastasunaren kontzentrazioa Euskal Herrian, hain zuzen ere, Europar Batasuneko edozein herrialdetakoa baino askoz ere altuagoa. Hala eta guztiz ere, 18 eta 44 urte bitarteko biztanleen %34 ezin dira gurasoen etxetik joan eta euren kabuz bizi horretarako baliabide ekonomikorik ez baitute.

Langabezia, arazo potoloena

Mertxe Larrañaga UPV-EHUko irakasleak bere aldetik, Euskal Herriko lan merkatua, egungo egitura eta etorkizuneko erronkak aztertu zituen. Lan merkatua hizpide hartuta, gastuaren gaineko murrizketa politikek enpleguan eragin negatiboa izango dutela baieztatu zuen.

Hala, alor sozioekonomikoan arazo potoloena langabezia dela argitu zuen, oso tasa altuak baitaude eta prekarietatea, ezkutuko ekonomia nahiz ordainsaririk gabeko lanak ere pisu handia baitute. Hala nola, 25 urte baino gutxiago dituztenen artean langabezia-tasa altua dela adierazi zuen, eta askok urtebete baino gehiago lanik egin gabe egotea kezkagarria dela.

Lanaren kalitateari so eginda, berriz, bi adierazle negatibo nabarmendu zituen Larrañagak: batetik, behin-behinekotasuna; eta bestetik, lanaldi partzialen errealitatea.

GURASOEN ETXEAN

Gaindegiak bildutako datuen arabera, Euskal Herriko 18 eta 44 urte bitarteko biztanleen %34 ezin dira gurasoen etxetik joan eta euren kabuz bizi, horretarako baliabide ekonomikorik ez dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo