GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Metala, Jimi Hendrix, euskal rock erradikala eta The Ramones protagonista Rockumentaletan

I Love Rock kultur elkarteak, «Rockumental»en emanaldiak, zuzeneko kontzertuak eta «Photorock» erakusketa antolatu ditu Zarauzko gune desberdinetan gaurtik hasi eta uztailera arte luzatuko den egitarauan.

p041_f01_148x92.jpg

GARA | ZARAUTZ

Rockumentalak! -Zarauzko hirugarren Musika Dokumental Zikloa-, Zuzenean -herriko hainbat aretotan eskainiko diren kontzertuak- eta Photorock -Photomuseumen ikusgai izango den erakusketa- atalek osatzen dute I Love Rock kultur elkarteak antolatutako egitaraua. Berrikuntzak aipatzearren, aurtengoan nabarmentzekoa litzateke zuzeneko emanaldiak herriko hainbat taberna eta aretotan eskainiko direla. Aurreko urteetan Tarin-en soilik egiten baziren ere, aurten gaztetxera, Sausalitora, Marina-Txikira eta abar zabalduko dira.

Aurreko edizioetako ekitaldiaren ildoari eutsiz, Rockumentalak! zikloak ostiralero artistekin eta musikaren munduarekin erlazionatutako dokumental baten emanaldira joateko aukera eskainiko du, Modelo zineman, gaueko hamarretatik hasita, hiru euroren truke.

Lehenengo emanaldia gaur bertan egingo da Sam Dummek zuzendutako «Metal» dokumentala ikusi ahal izango delarik. Datorren ostiralean, ekainak 4, Joe Boydek zuzendu zuen «Jimi Hendrix» dokumentalak hartuko du txanda. Omenaldi gisa har daiteke film hori, izan ere, aurten Hendrixen heriotzaren 40. urteurrena beteko baita. Ekainaren 11n, Eriz Zapirainen «Salda Badago» filma eskainiko da, euskal rock erradikalaren eboluzioa aztertzen duena. Rockumentalen zikloa «The End of the Century» lanak itxiko du (Michael Grammalia), The Ramones musika talde historikoari buruzkoak. Dokumental bakoitzean aurkezle bana egongo da saioa gidatzen. Bertan izango dira, hurrenez hurren, Inaxio Esnaola eta Joseba Martin irrati esatariak, Roberto Moso kantaria eta Mikel Insausti zinema kritikoa.

Zuzeneko kontzertuei dagokienez, gaur abiatuko ditu emanaldiak Elbereth taldeak Putzuzulon, gauerditik aurrera. Ekainaren 4an, emanaldi bikoitza izango da. Batetik, Bluestock Photomuseumen (18.00) eta, bestetik, Jon Ulecia & Cantina Bizarro Marina-Txikin (20.00). Ekainaren 11n Grises arituko da Sausaliton (00.00) eta ekainaren 18an berriro emanaldi bikoitza izango da; AV Jazz Photomuseumen (18.30) eta Manett, Tarinen (00.00).

Azkenik Photorock zikloan, Errenteriako J.A. Areta Goñik (Juxe) «On Stage» izeneko argazki erakusketa zabalduko du ekainaren 1etik uztailaren 4ra. Bertan, rock&roll-ari buruzko ikuspegi intimoa erakutsiko du Goñik, dokumentu pertsonal eta zainduak baliatuta, nazioarteko zein Estatu mailako taldeei egindako argazkien bitartez.

ASTEBURUETAN

«Rockumental» guztien emanaldiak gaueko hamarretan hasiko dira, ostiralero, eta sarrerek hiru euroko prezioa izango dute; kontzertuak, herriko hainbat aretotan egingo dira eta Photomuseumek bi zuzeneko hartuko ditu erakusketaz gain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo