GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Errealitatea fikzio bilakatzen denean

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Errealitateak fikzioa gainditzen omen du eta publikoa antzokian sartzen hasten denean bezalaxe, errealitatea fikzio bilakatzen hasten da.

Aretozaina: Hona hemen zure eserlekua.

Emakumea: Eskerrik asko.

Aretoa jendez betetzen ari da oihalaren atzealdean aktoreak azken prestaketak egiten dituzten bitartean.

Aktorea 1: Non daude nire betaurrekoak?

Aktorea 2: Eta nire tunika?

Oihalaren bi aldeetan urduritasuna da nagusi. Publikoaren zurrumurrua agortzen hasia da aktoreak prest diren unean. Magia hastear da. Aretoko argiak itzali egin dira eta isiltasunak betetzen du antzokia. Oihala zabaltzen hasi da. Hasi da fikzioa. Agertokiko fokuak piztu egin dira eta musika hastearekin batera, fikzioaren magia hasi den unean bertan, txakur baten zaunka entzun da antzoki barruan. Isiltasuna. Publikoak ez du begirada agertokitik apartatu ere egin, fikzioaren egarriak jota. Fikzioak aurrera dirau aktore nagusia hizketan hasi baita eta orduan, txakurraren zaunka entzun da berriz ere. Publikoko gizon ahots batek isiltzeko eskatu dio zakurrari baina hau gehiago aztoratu da oraindik. Fikzioa eta errealitatea elkarlanean, fikzioa bera baino indartsuago den errealitate berri bat sortzen ari dira. Publikoaren kexak gero eta nabariagoak dira eta fikzioak aurrera egiterik ez duen unean, emakume itsua eserlekutik zutitu da bere txakur gidaria eskuan hartu eta antzokitik atereaz. Hala gertatu zen joan den larunbatean Victorian Eugenia antzokian L´Om Imprebis taldekoak Albert Camus- en «Calígula» ikuskizuna antzezten ari zirela. Izan ere, itsu talde bat ikuskizuna ikustera joan zen eta hauetariko baten gida txakurra zaunka eta zaunka aritu zen lehen atal osoan zehar, fikzioak eta errealitateak fikzio edota errealitate berri bat sortuaz.

Eta errealitate bilakatuko diren fikzio gehiago ate joka datozkigu, izan ere, biharko egunean aurtengo Donostia Hiria Kutxa Sariak banatuko baitira. Euskarazko antzerki testurik onenaren saria Mattin Irigoienek jasoko du «Jendeen jende» komediagatik eta euskarazko ipuin onenaren saria berriz, Xabier Artolak «Deception Island» narrazioagatik. Eta sariak banatuak izan dira baita ere, aurtengo Leioako Umore Azokaren XI. edizioan. Euskal Herriko Kaleko Ikuskizun onenaren saria «Habitus Mundi» lanari eman diote eta Euskal Herritik kanpoko ikuskizun onenaren saria berriz, «Atempo» lan kataluniarrari. Sari horiez gain, epaimahaiak, aipamen berezia eman nahi izan dio Carmen San Esteban-ek aurkezturiko «¿Entras?» lanari. Eta bada saririk eman ez baina amaitu zaigun beste ekintzarik ere, Poltsiko Antzerkiaren XIX. edizioa hain zuzen ere. Baina iragana iraganean geratu zaigu eta gerora begiratu beharrean gara Gazteen Antzerki Topaketak geurean baititugu oraindik ere. Eta errealitateak fikzioa gainditzen duen moduan, egungo gazteek, gida txakurraren zaunkaren moduan, fikzio bilakatuko dituzte egungo helduak, oihala itxi eta ondo merezitako txalo zaparradari bide emanez.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo