GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Zapatero, NDFren murrizketen zamak zapalduta

Boto bateko aldeak atera zuen aurrera Rodriguez Zapateroren Gobernuaren dekretu legea. Aldeko botoak aurreikusitakoak izan ziren, gehiengo doia osatzeko adina, CiUren, CCren eta UPNren abstentzioari esker. Irudi tristea eman zuen atzo espainiar Kongresuak, baina ez horrelako neurri gogorrak hartzeko adostasun faltagatik, baizik eta egiaz neurri horiek ez direlako parlamentu horretan -ezta Madrilen ere- erabaki. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Europar Batasuneko erabaki gune ekonomikoek eskatutako murrizketak onartzeko antzezpena egin behar zuten eta antzezpen eskasa egin zuten.

Nolanahi ere, atzoko botazioaren emaitzak ez du inondik inora islatzen NDFk eskatutako neurriek jasotako sostengua, Zapateroren Gobernuak duen sostengu eskasa baizik. Izan ere, PPk -Kongresuko talde gehienek bezala- bere egingo lituzke neurri horiek Gobernuan izanez gero, baina pentsaezina zen Zapaterori sostengua ematea murrizketen zama partekatuz, alderdi horren helbururik behinena ez baita hipokrisia disimulatzea, hauteskundeak baizik. Koherenteago jokatu zuen CiUk, bere abstentzioak dekretua aurrera ateratzea ahalbidetu baitzuen, baina hauteskundeak aurreratzea litekeena dela ikusarazita. Beraz, gobernu aldaketa laster gerta liteke, baina nekez alternatiba hoberik. Bitartean, BEZaren igoera eta NDFk lehenbailehen nahi duen lan erreforma iragarrita daude, eta sindikatu espainolek hori negoziatzeko zain jarraitzen dute.

Kongresuko bilera gidoiak aurreikusitako moduan gertatu zen. Hala ere, bitxi samarra gertatzen da euskal bi alderdiren botoa. Bitxia baita hamahiru abstentzioen artean UPNrena egotea. PSOEren gehiengo minimoa boto batek zapuztu zezakeen, baina aurkako botoa ez eman izana Nafarroan PSNk eta eskuin erregionalistak duten itunaren testuinguruan ere ulertu behar da, Nafarroan PSNk UPNri emandako txeke zuria bailitzan. Eta bitxiak gertatzen dira, halaber, EAJren aurkako botoak. Iñigo Urkulluren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren eskubideen defentsak azalduko luke beren jarrera. Hala ere, alderdi jeltzalearen orain arteko jokaera ikusita (Madrilgo Gobernuaren aurtengo aurrekontuei sostengua eman zien), sinesgarriagoa ematen du PSOErekiko negoziazioei begirako posizioa hartzea dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo