GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Txelui Moreno eta Marine Pueyo Ezker abertzaleko kideak

Abortatzeko eskubidea Nafarroan

Medikuen eskubideak ezin dira emakumeen eskubideak zapaltzeko erabili. Ezin dira batzuen eskubideak besteen eskubideen kontura bermatu

Hogeita bost urte igaro dira 1985. urtean estatu espainolean abortua bortxaketa, fetuaren malformazioa edota amarentzako osasun fisiko edo psikologikoarentzako arriskua zegoen kasuetan despenalizatzen zuen lege organikoa onartu zenetik.

Hogeita bost urteotan Nafarroako osasun zerbitzu publikoan ez da aborturik egin eta horrek Nafarroako milaka emakumek inguruko herrialdeetan abortatu behar izatea eragin du.

Orain dela hilabete gutxi Madrilen Abortuaren Lege berria onartu zuten. Kasuak zabaldu eta abortu libre eta doakora gerturatzen gaituen arren, abortua zigortzen jarraitu eta oraindik ere nahikoa ez den erreforma dugu honakoa, eskubidea beharko lukeenari epeak eta baldintzak jarri dizkiotelarik. Gainera, Nafarroaren kasuan ezin da haurdunaldiaren borondatezko eteterik egin, ez osasun publikoan ez pribatuan ere, nahiz eta osasungintzako langileek berriz ere publikoki adierazi duten bezala, abortuak egiteko prest dauden langileak egon. Hortaz, nola bermatuko dute Nafarroan aplikatzea eta Gizarte Segurantzan abortuak egin ahal izatea?

UPNren Gobernuak aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko helegitearekin argi utzi du; emakumeek Nafarroan abortatzeko dugun eskubidea oztopatzeko bere esku dagoen guztia egingo du.

UPNren Gobernuak, Nafarroako eskuin atzerakoienaren eskutik (Opus Dei eta Eliza katolikoa), ez ditu emakumeen eskubideak aintzat hartzen eta haiek harro ikur gisa jartzen duten osasun zerbitzu publikoan horrelako ebakuntzak burutzeko baldintza nahikorik ez dago egun.

Nafarroak aspaldi utzi zion Andraize eta COFES bezalako familia-planifikaziorako zentroen bidez aitzindari izateari, emakumeei zuzentzen zaizkien osasun prestazioetan atzean geldituta. Gaur egun prebentziozko hezkuntzaren gainetik, zerbitzu mediku-asistentziala dago, eta horretan ere itxaron zerrenda amaiezinak ditugu, gero eta zerbitzu kaskarragoa eskaintzen delarik. Egoera horri heziketa sexualean dagoen hutsunea gehitzen badiogu, emakume asko zerbitzu pribatuetara jotzea izan da ondorioa, zerbitzuaren zeharkako pribatizazioa ekarriz.

Abortuari dagokionez, zehazki, Nafarroan urtero 600 emakumek baino gehiagok abortatzen dute eta denek Nafarroatik kanpo abortatu behar dute. Abortatu behar izatea egoera gogorra da berez, baina, gainera, herrialdetik kanpo egin behar izatea, Nafarroako emakumeentzat zein egoera zail horretan laguntzen duten senitartekoentzat, are kaltegarriagoa suertatzen da. Osasunbideak abortuaren gastuak soilik emakumeari ordaintzen dizkio, ez laguntzen duten pertsonen bidaia, ostatua, eta abar.

Kontzientzia eragozpenari dagokionez, beste behin ere Nafarroan abortuak eginen diren ala ez zalantzan jartzen dute. Gure iritziz, ezin dira medikuei dagozkien eskubideak emakumeei dagozkienekin kontrajarri. Horrelako aitzakiak ez luke ekidin behar emakumeek dohainik abortatu ahal izatea, osasun baldintza egokietan eta bere bizitokitik gertuen dagoen ospitalean. Medikuen eskubideak ezin dira emakumeen eskubideak zapaltzeko erabili. Ezin dira batzuen eskubideak besteen eskubideen kontura bermatu.

PSNren jarrera, oportunista izateaz gain, lotsagarria iruditzen zaigu, are gehiago aipatu aldarrikapena mugimendu feministaren aspaldiko eskaria delako eta PSNk Nafarroako Gobernuan egon den urte luzeetan ez duelako legea betetzeko ez emakumeek duten abortatzeko eskubidea bermatzeko ezer egin. Gure ustez, PSNri emakumeen eskubideak ez zaizkio axola, UPN desgastatzeko erabili nahi du aipatu egoera eta, bide batez, Nafarroako herritarren aurrean duen irudia hobetzeko. Oso ekimen zehatzen bidez (hainbat herri zonalde mistoan sartu, abortuaren legearen erreforma...). UPNrekiko benetan ez dagoen aldea irudikatu nahi du. Ezkerreko izaera nabarmendu nahi dute, UPNren Gobernuari gastu soziala murrizteko eta boteretsuenen mesedetan neurriak hartzeko babesa ematen dioten bitartean (aurrekontuak...).

Emakume eta pertsona orori eskubide guztiak onartu eta bermatuko dizkion Nafarroa eraiki nahi dugu, emakumeek beren sexualitatea nahi duten bezala bizitzeko askatasuna izan eta beren eskubide erreproduktiboen inguruan askatasunez erabakitzeko eskubidea izanen duten Nafarroa. Kontziente gara UPN eta PSNrentzat erabakitzeko eskubidea bizitzako edozein eremutan ez dela ez balio, ez helburu desiragarria, horregatik ikusten dugu ezinbestekoa benetako aldaketa politiko eta soziala bultzatzea.

Bukatzeko, gaur, nazioarteko emakumeon osasun sexual eta erreproduktiboen egunean, antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Nafarroan libre eta doan abortatzeko eskubidearen alde!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo