GARA > Idatzia > Mundua

Turkia Brasilekiko loturak indartu nahian, Erdoganen ezohiko bisitarekin

Iranekin lortu duten akordioaren ildotik, Turkiak Brasilekin duen harremana indartu nahi du Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak Hego Amerikako herrialdera egin duen bisitarekin. Hazkunde bidean dauden Turkia eta Brasil ate joka dabiltza nazioarteko diplomazian.

GARA

Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek bultzada eman zien asteazkenean herrialde horretako eta Brasilen arteko harremanei. Ankarak eta Brasiliak Irango programa nuklearrari buruzko hitzarmena sinatu berri dute. Turkiako lehen ministro batek Brasilera bisita egin duen lehen aldia da.

Bi herrialdeetako enpresariekin Sao Paulon izan zuen agerraldi batean Erdoganek nabarmendu zuenez, Turkiak eta Brasilek «nazioarteko komunitateari kalte handia egin dion gatazka bati heltzeko adorea izan dute».

Hilaren 17an Turkiak eta Brasilek hitzarmena sinatu zuten Iranekin uranioa trukatu ahal izateko, baina AEBak eta bere aliatuak mesfidati azaldu dira.

Erdoganen arabera, beste alorretan izan den Turkia eta Brasilen arteko elkarlanak «elkarrekin ongi aritzen garela» adierazten du. «Bi herrialdeetako enpresariek harreman hau aprobetxatu beharko lukete», gaineratu zuen.

Recep Tayyip Erdoganek bere hitzorduen artean aurreikusia zuen atzo Brasilgo presidente Luiz Inacio Lula da Silvarekin Brasilian biltzea. Gaur, berriz, Rio de Janeiron ospatuko den Zibilizazioen arteko Aliantzaren bileran hartuko du parte.

Egitasmo horren bultzatzailea izan den Gobernu espainoleko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok, ordea, bertan behera utzi zuen Brasilerako bidaia, krisi ekonomiko larriak sortu duen egoera dela-eta.

Turkia eta Brasilen arteko merkataritza jarduera une hauetan soilik 800 milioi eurokoa da, baina Erdoganen esanetan, handitzea dute helburu. Ildo horretatik, Turkia eta Mercosurren arteko oztoporik gabeko merkataritza burutzeko itun bat prestatzen ari dira.

«Iranekin lortu duten hitzarmenarekin, `hazkunde bidean dagoen herrialde' kontzeptuari dimentsio politiko bat eman nahi dio Turkiak», ezan zuen Istanbulgo Anatoliako Ikerketarako Institutu Frantseseko (IFEA) kide Jean Marcouk.

G20 taldeko kidea da Turkia eta azken 20 urteotan Nazioarteko Diru Funtsaren sailkapenean gora egin du, 28. postutik 17.era. 2009. urteko azken hiruhilekoan %6ko hazkundea izan du.

«Eskualde mailako benetako potentzia bilakatu da Turkia azkenaldian eta nazioarteko harremanetan dagokion garrantziaren bila dabil», gaineratu zuen Marcouk.

errusia

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek oniritzia eman zion atzo Turkia, Brasil eta Iranen arteko hitzarmenari, baina Teheranen jarrera gogor kritikatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo