GARA > Idatzia > Euskal Herria

Apartheid-aren gainetik, gogotik lan egin duela dio ezker abertzaleak

Euskal Herrian udal eta foru hauteskundeak zein Nafarroako Parlamentua osatzeko hauteskundeak egin zirenetik hiru urte pasa direnean, ezker abertzaleak «oztopoak oztopo» ez duela amore eman ohartarazi zuen. Era berean, Alderdien Legeari erreferentzia eginez, ordezkari egiten dituena ez dela legea esan zuen, herritarren borondatea baizik.

p010_f02_148x084.jpg

Janire ARRONDO

Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko eta, horretarako, instituzioetan zein kalean lanean jarraitzeko konpromiso sendoa agertu zuten atzo ezker abertzaleko hainbat alkatek eta hautetsik. 2007ko Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak eta udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik hiru urte igaro direnean, independentistek legez parte hartu ahal izan duten erakundeetan lan «sendoa» eta «ona» egin dutela adierazi zuten.

Hala ere, gogor salatu zuten legez kanporatzeek eta «salbuespen neurriek» sorturiko egoera. Hain justu, Auzitegi Goren espainolak bi alderdi legez kanporatzeaz gain, EAE-ANV hautagaitzaren zerrenden erdiak baliogabetu zituen. Berriozargo hautetsi Fermin Irigoienek gogorarazi zuen Gobernu espainolak, PSOEk, Alderdien Legea hartuta «herritarren aukeratua izateko eta aukeratzeko eskubidea urratu» zituela, 2003ko udal eta foru hauteskundeetan bezala. «Apartheid instituzionala» eskubide zibil eta politikoen aurkako «oldarraldi errepresiboaren baitan» kokatzen du ezker abertzaleak eta euren jarduera politikoa neutralizatzeko Estatuak «neurrira egindako arkitektura legala» osatu duela ohartarazi zuten. «Demokraziaren aurkako» lege horien gainetik, baina, herritarrek hitz egin eta euren ordezkariak aukeratu zituztela azpimarratu nahi izan zuen Irigoienek: «Batzuek legezko aitortza izan zuten, beste ehunkak ukaturik jarraitzen dute; baina erakundeetan ordezkari egiten gaituena ez da legea, herritarren borondatea baizik».

Ezker abertzaleko ordezkariaren arabera, «herritarren borondateari bizkar emanda» osatu ziren hainbat erakunde; beraz, «herri borondatearen adierazle ez diren instituzio gehiegi ditugu Euskal Herrian». «Faltsu»tzat eta «iruzur»tzat jo zuten parlamentu, aldundi eta udal gobernuen osaketarekin, hainbat alderdi politikoetako ordezkariak «zilegitasunik gabe» jarduten ari direla salatu zuten. Dena dela, ezker abertzaleak ez duela amore eman defendatu zuen, eta «herriaren aldeko konpromisoa» erakutsi dutela mozioak, proposamenak zein ekarpenak aurkeztuz. «Ez gatoz bat egungo instituzioak kudeatzeko ereduarekin eta guk badugu beste eredu bat: ezkerretik gure herria eraiki nahi dugu», azaldu zuen Irigoienek. Ezker abertzaleak politika soziala garatzeko zein prekarietateari, ustelkeriari, desoreka sozialari eta garapen eredu erasokorrari aurre egiteko lan egiten duela-eta, legealdiari geratzen zaion urtean ere norabide berean jarraituko dutela argitu zuten.

Era berean, datozen hauteskundeetan egoteko «lan» egingo dutela esan zuen Miren Legorburu Hondarribiko hautetsiak; «Euskal Herriak merezi du eta zor zaio ezker abertzalea hor egotea», esan zuen.

konpromisoA

Legegintzaldi amaierara arte geratzen den urtean Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko lanean jarraituko duela azaldu zuen ezker abertzaleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo