GARA > Idatzia > Ekonomia

Erretiro sistema aldatzea ez dela ezinbestekoa aldarrikatu dute Baionan

Sindikatu nagusiek deituta, milaka lagun karrikaratu ziren atzo, Baionan, enplegua, soldatak baina, batez ere, banaketa-sisteman oinarritutako erretiroa babesteko eskatzeko. Sarkozyri mezu garbia igorri zioten: «Aski sos bada. Ez dugu onartuko krisia gure bizkar izatea».

p021_f01_199x108.jpg

Arantxa MANTEROLA

Azken mobilizazio deialdiek -martxoaren 23koa eta, batik bat, maiatzaren 1ekoa- izandako jarraipen eskasa dela medio, sindikatuak beldur ziren, atzokoan ere ez ote zen izango motela langileen erantzuna.

Alta, egun hauetan, Gobernua prestatzen ari den erretiroaren erreformaren eztabaida izugarri hedatu da gizartean. Beharbada horregatik, baina lantokietan bertan egindako berotze-lanagatik ere bai, atzokoan CFDT, CGT, FSU, CFTC, UNSA eta Solidaires sindikatuek era bateratuan, eta LABek bere kasa egindako mobilizazio-deialdiak izan zuen oihartzunik.

Eguraldia ere lagun zutela, esparru publiko zein pribatutik 4.000 bat langile karrikaratu ziren Baionan. Tren-geltokitik abiatuta, patxadaz egin zuten suprefeturarainoko bidea Lapurdiko hiriburuko kale nagusiak zeharkatu ondoren. Ohi bezala, sindikatu bakoitzak, blokean, bata bestearen atzetik, osatu zuten ibilbidea. LABekoen atzetik, NPA, PS eta PC alderdietako kideek itxi zuten martxa.

Sarkozy, «esklabista»

Manifestazioaren buruan, berriz, sei sindikatu nagusietako ordezkariek, «Soldatak, enplegua, erretreta» leloa zabaltzen zuen pankartari helduta, jende-ilara luzea gidatzen zuten. Sindikatu horien ordezkaritza bati suprefeturan arreta egin zioten geroago, eta langileen kexuak Parisko gobernuari helarazteko eskatu zuten bertan.

Santespirituko zubia iragan bezain laster, Bizi! taldeko hainbat kidek pankarta ikusgarria zintzilikatu zuten plazatxo batean dagoen Lavigerie kardinalaren estatuara igota. Esklabotzaren aurka borrokatu zen eliz-gizonaren irudia hautatu zuten, hain zuzen, «esklabotza modernoaren bultzatzailezat» hartzen duten Sarkozyren asmoak salatzeko.

Erretiroa izan zuten ardatz nagusi hitza hartzeko ekitaldian ere. Sindikatuen artean adostutako mezua FSUko ordezkari batek irakurri zuen atzokoan.

Errepublikako presidenteak, gobernuak eta patronalak erretreta sistemaren aurka 1993an eta 2003an jada egindako «erasoa» areagotzeko asmoa dutela ohartarazi zuen: «Erreforma berria irents dezagun, gainera, beste biderik ez dela sinetsarazi nahi digute. Alde batetik, bizi itxaropenak gora egin duenez, erretiratuak gero eta gehiago direla diote; bestetik, diru aski ez dagoelako egungo sistema ezin dela mantendu errepikatzen dute. Hori guztia gezur hutsa da!».

Aberastasuna banatu

Sindikatuen ustetan, «akzionisten zergak eta kotizazioak merkatuz» joan dira eta «orain, galerak langileei ordainarazi nahi dizkiete». Aberastasuna, nagusiki, langileek, laborariek edota artisauek egindako lanak sortzen duela nabarmenduta, «bidezko banaketa» erreklamatu zuten: «Dirua badago, baina ez zaie bankariei eman behar, aberastasuna benetan sortzen duten langileei baizik».

«Erretiro-sari osoa jaso ahal izateko 42 urtetan kotizatzea inposatu nahi dute -egun 41,5 dira-, baina nor iritsiko da, 2008an jada kotizatutako urteak, batez beste, 36,5 zirenean»? galdetu zuen sindikalistak.

«Gurpil zoro hau gelditu eta beste logika ezarri behar da behingoz; kolektibitatearen beharretan oinarrituko den sistema eta ez, egun bezala, gutxiengo baten diru gosea asetzera bideratutakoa» gaineratu zuen, gobernuaren eta ugazaben asmoei aurre egiteko eta «XXI. mendeko gizarte-eredu duina ezartzeko» langileen batasuna eta mobilizazioaren premia nabarmendu aitzin.

Martxoan baino jende gehiago irten zen kalera

Estatu frantsesean deituriko lan-uzteak ez zuen jarraipen handia izan atzokoan. Alabaina, sindikatuak pozik ziren mobilizazioetan izandako parte-hartzearekin. Orokorrean, estatu osoan, milioi bat herritar karrikaratu zirela adierazi zuten, «joan den martxoaren 23an baino askoz gehiago».

Hala eta guztiz ere, kopuruak ez ziren iazko abenduko marketara iritsi, orduan 3 milioi izan zirela kalkulatu baitzuten.

Manifestari gehienak funtzionario eta zerbitzu publikoko langileak ziren. Sektore pribatukoek eta oraingoz sistema berezia duten trenbideetako langileen esku-hartzea apalagoa izan zen. A.M.

DiruA bukatu

Manifestazioa hasi aitzin, Estatuarekin akordioa duten ikastetxe pribatuetako 120 bat irakasle eta langilek elkarretaratzea egin zuten Hezkuntza Ikuskaritzaren aurrean. Ordezkapenak egiteko diru-partidak amaitu direla-eta, klase batzuk irakaslerik gabe daudela salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo