GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Ihesbide taula gainera igoko da berriz Askatu Rocken, Gaizka Jareño barik Iheskide bihurtuta

Gaizka Jareño taldeko baxu-jotzailea duela bi urte espetxeratu zutenetik itzaleko lanean aritu izan da Ihesbide taldea. Larunbatean Abadiñon Iheskide izenpean taula gainera itzuliko dira Askatu Rock ekimenean.

p047_f01_148x100.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Ihesbide taldea 2003an sortu zen Elorrioko entsegu lokaletan. Punkrock musika zainetan, euskaraz abesturiko salaketa eta aldarrikapen kantuak idazten zituzten, taldeko kideentzako punkrocka eta borroka biziera bat bilakatuz.

Bidean, dozenaka zuzeneko emanaldi eta bi lan diskografiko argitaratu zituzten, biak MusikHerria herri diskoetxearen zigilupean. 2008an argitaraturiko «Dagokiguna» diskoaren aurkezpen biran buru-belarri ari zirela, Gaizka Jareño baxu-jotzailearen atxiloketa kolpe gogor bat izan zen guztientzat. Gaizka atxilotua eta ondoren espetxeratua izatean, taldeak ia-ia bertan behera utzi zuen musika bidaia, Gaizka gabe taldea aurrera eramateak zentzurik ez zuelakoan.

Hala ere, hilabete batzuk igaro eta gero, aurrera egitea deliberatu zuten, errepresioak jarritako oztopoak gaindituz. Taldeko gitarra-jotzaileak, Xaguk, azaldu dizkigu gorabehera horiek: «Gure inguruko jendeak aurrera egiteko esaten zigun, bestela, taldea uztea etsaiarentzako garaipen bat izango zela-eta». Gainera, animo eta bultzada handiena espetxe barrutik jaso zuten. «Gaizka bera izan da aurrera egin behar genuela esaten lehena».

Entsegu lokalean kantu berriak sortu, eta Ihesbidetik Iheskidera salto egin zuten, taldeari biziera berri bat emanez: «Azken batean, taula gainera igotzen garen lau musikariak baino askoz gehiago da Iheskide. Hor daude gure ondoan urte luzez aritu diren lagunak, eta aurrera egiteko bultzada eta indarra eman diguten guztiak. Iheskide izenak hori guztia irudikatzen du», dio Xaguk.

Iheskideen artean, disko berrian parte hartu duten zenbait musikari eta lagun aurkitzen dira. Egoera berezian sorturiko diskoa izaki, elkartasun kutsu bat eman nahi izan diote lan berriari. Lankidetzak ugariak dira disko osoan zehar: «Disko irekia izatea zen helburua, eta bide horretan zenbait lankidetza pentsatu genituen. Bide horretan, KOP taldeko Juanra, Kañeria 13 taldeko Ulli, Antton gure lehen abeslaria, eta Edan taldeko Endika eta Mikelen parte-hartzea izan genuen», jarraitzen du Xaguk.

Oholtza gainera

Larunbatean igoko da Iheskide taldea berriz ere oholtza gainera bi urteko zuzenekoen isilunea apurtuz. AskatuRock elkartasun ekimenean gauzatuko da itzulera, eta gau berezi horretan Vendetta eta Des-kontrol taldeak izango dituzte taula gainean lagun. «Kontzertu berezia izango da, daukagunaren ehuneko ehun eta hamarra eskainiko dugu. Ea gure bafleetatik irteten diren doinuak ziega ilunetako barroteak ugertu, usteldu eta apurtzeko balio duten», adierazi du ilusioz beterik Xaguk. Abadiñoko kontzertuaz gain, Arrasateko Elkartasun Egunean eta Otxandioko Mekoleta auzoan arituko dira datozen asteetan. Emanaldi berezi hauetarako Sermond´s taldeko Koldito izango dute baxu-jotzaile lanetan.

Ficha

Taldea: Ihesbide.

Herria: Elorrio.

Diskoa: «Ihesbide».

Diskoetxea: Musikherria.

Kantu kopurua: Bederatzi.

Zuzenean:

Bihar, Abadiñoko AskatuRocken.

+ Des-Kontrol eta Vendetta.

Ekainak 5, Arrasaten. Askatasun eguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo