GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Crisis What Crisis»

Anartz Bilbao | Musikazalea

Artean nerabe berantiar eta grinatsu ginela -grinak gora edo behera, `beti gazte' nahian gabiltza oraindik-, azpiegiturarik eza genuen gabezia, edo azpiegitura egokirik eza, behintzat. Laurogei bukaera eta laurogeita hamar hasiera goraipatuegiak ditugu gogoan, bazterrik bazter gaztetxe edo festa zaratatsu eta mukuru beteak aurkitzen zireneko garaiak.

Eta egoera aldatzen hasita, nago gainezka egitekotan ez ote den. Kontuak buruz egin eta Bilbao hartuko dugu hizpide. Txikira eginda, 350 mila bilbotarreko herria izango dugu jomuga, eta ez ia milioi bat biztanle nahasten dituen «Gran Bilbao» metropolia, bilbotarrek harro egin ohi dutenez.

San Mames zelaitik Zazpi Katu gaztetxe `ibiltariraino', asko dira inoiz zuzeneko musika jaso izan duten guneak, taberna zulo, gaztetxe edo dantzalekutxo -Cotton, Kalderapeko, Residence, Kukutza, Hika Ateneo, L´Mono eta beste-. Batzuk noizbehinka baino ez -Guggenheim museoko disko-jartzaileak, kasurako-, beste batzuk egitarau finko eta ahal izanez gero, duin eta guzti: oholtza, soinu ekipo... kontuan hartuta. Albo batera utziko ditugu hauek. Baita Lolaren Balkoi, Santana 27, Rockstar, Azkena edo Kafe Antzokia itzal handikoa ere.

Kudeaketa publikodun aretoetan ere, gurean zuzeneko musikak badu non jo. Bilborock aretoak bostehun lagun har ditzake Ibaizabalen magalean -oraintsu berritua da eliza izandako aretoa- hiriaren alderik zaharrenean. Eta beste muturrean, ontziola izandako Euskalduna jauregitzarra handitzeko egitasmoa baimendua dute dagoeneko (besteak beste bi mila eta berrehun operazale jaso ditzake egun). Ezin ahaztu zubien arteko amaraunean, Arriaga antzokia dugula, epizentroan, aldiro mila kulturazaleren gosea itzaltzeko prest.

Baina antza, beti-gose dugu Bilbao. Orain gutxi, martxoan, Campos Eliseos antzokia (800 besaulki), Bertendona kaleko bonbonera zaharra dirdirka hasi zaigu berriro, zazpi urteko zaharberritze lanen ostean -27 milioiko aurrekontua-; diru publikoa eta gestio pribatua, SGAE `jatorrak' kudeatuko baitu 30 urtez. Apirilean, BBK Aretoak ireki zituen ateak Kale Nagusian, 430 lagun biltzeko prest -3,5 milioiko atonketa lanak egin omen ditu aurrezki kutxak-. Maiatzean, aurrekoak gutxi balira bezala, `Alhondiga Bilbao' plaza estalia aurkeztu ziguten (frantsesez eta ondutako ardoarekin): Philippe Starck `tumatxak' diseinatutako 43.000 m2, hamar urte luzeko lanak eta 75.000.000 euroko aurrekontua `baino ez' -barruan 450 lagunentzako auditorium eta guzti-.

Telefono matxuratuaren jolasa balitz legez, edukiontziak kulturaz bete baino, okertu eta edukiontziz bete dugu hiria, norgehiagoka bortitzean sartuta, zein baino zein, nork edukiera handiena, diseinatzaile sonatuena, artistarik prestuena lotuko. Azken batean, Bizkaiko ahaldun nagusi Bilbaok argi esan zigun iaz, Guggenheim Urdaibai aurkezteko Aldundian eman zuen prentsaurrekoan: «Egin dezagun lehenik edukiontzia, ikonoa, eta beteko dugu gero. Lasai, ideia faltarik ez dugu-eta». Ez dugu beteko ba?, HORDAGO!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo