GARA > Idatzia > Kultura

AIPAGARRIAK

Irakurleen eta idazleen arteko harremanak estutuko ditu aurtengo Literaturia jaialdiak

Ekainaren 4tik 6ra Larrabetzun ospatuko duten jaialdiari «euskarazko literaturaren plaza» deitu diote antolatzaileek. Guztira hamabi irakurle talde arituko dira euskal idazleekin elkarlanean.

O.L. | DONOSTIA

Ekainaren 4an abiatuko da Larrabetzun Literaturia jaialdiaren bigarren edizioa. Iaz sortu zen ekitaldiak Literatura Eskolaren eta Larrabetzuko herriaren ekimenari esker ikusi zuen argia aurrenekoz. Atzo Donostian antolatzaileek eskaini zuten prentsaurrekoan adierazi zutenez, honakoak «euskarazko literaturaren plaza» izateko asmoa du. Gotzon Barandiaranek azaldu zuenez, jaialdian soilik euskara erabiliko da, alegia, euskara hutsean egin diren lanak izango dira bertaratzen direnen esku artean. Bestetik, literatura liburuak dira irakurgai eta aztergai izango dituzten euskarriak. Bertan Euskal Herri osoko irakurle klubak elkartzeaz gain, hamabi klubetako irakurleek lanak argitaratu berri dituzten idazleekin horiei buruz solasean aritzeko aukera izango dute.

Aditzera eman zutenez, literaturarekin lotutako ekintzak antolatu dituzte: liburu azokak, poesia errezitaldiak, solasaldiak, antzezlanak, kontzertuak nahiz bertso saioak. Hala ere, jakitera eman zuten bi izango direla jardunaldiotan jorratuko dituzten gai nagusiak. Lehenik irakurlearen figuraren gainean eta honek jokatzen duen paperaren gainean hausnarketa egingo dute: «Ekainaren 5ean 10.00etan egingo den mahai-inguruan irakurle taldeek hartuko dute parte. Xedea, literaturaren inguruan dituzten kezkak, bizipenak eta etorkizunera begira dituzten asmoak elkar trukatzea izango da», adierazi zuten. Ondoren liburuen aurkezpenak izango dira, besteak beste, Eider Rodriguezen “Katu jendea”, Maribel Aiertzaren “Tigreak hondartzan” edota Kepa Altonagaren “Darwin gurean”. Hauetan irakurleek idazleekin batera aurkeztuko dituzte lanak.

Egun berean Eñaut Etxamendi izango da euskal kulturgintzan egindako lanagatik omenaldia jasotzeko. Halaber, Joxan Ormazabal oroituko dute, herriko haurrek bere testuak irakurriko baitituzte hainbat autorerekin batera. Bigarren mahai-inguruari dagokionez, ekainaren 6an izango da, “Euskarara itzulitako liburuak dira euskarazko literatura onena?” izenekoa.  «Euskarazko itzulpenak pil-pilean daude –zehaztu zuen Barandiaranek–. Idazleentzat kezka bilakatu da, eta gogoetak trukatuko ditugu honen inguruan. Gurekin izango dira Koldo izagirre, Angel Erro eta Petra Elser idazleak». 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo