GARA > Idatzia > Kultura

AIPAGARRIAK

Janariarekin jolasean, Tolosan hilaren 7an egingo den Gastronomia Astean

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Coupage hitzak nahasketa, bateratzea esan nahi du eta izen hori eman diote Tolosako Zerkausian ekainaren 7tik 13ra ospatuko den Gastronomia Asteari. Bertan jana, edana eta hainbat kultura adierazpide elkartuko dira; musika, dantza, moda, pintura edo kirol erakustaldiak, adibidez.

Aste hau Mireia Carceller eta Edu Mansok antolatu dute. «Izugarrizko ilusioa da» dio Carcellerrek, «gauza asko adierazteko modu bat da». Ekintza honetan parte hartuko dutenen artean, Tolosako Fronton edo Nicolas jatetxeak edota Donostiako Mirador de Ulia jatetxeak aurki daitezke. Bestetik, Eceiza edo Gorrotxategi gozotegiek ere egitasmoan parte hartu dute.

Ruben Trincadok, Mirador de Uliako sukaldariak azaldu duenez, Tolosan egin den «gauzarik adimentsuena» da proiektu hau, eta «sukaldaritza sortzailea» egingo dutela argitu du. Izan ere, «joera eta teknika berriekin ere jolas egin daiteke». Tolosako alkate den Jokin Bildarratzek «berrikuntza» bat dela adierazi du, «inon egin ez den zerbait da, kontzeptu berri bat».

Astelehenetik ostegunera bitartean, ardoa dastatzeko hitzordu ugari izango dira, eta ostegunetik igandera afari ezberdinak eskainiko dira, mota guztietako jakiez osatuak. Horretaz gain, hitzaldiak ere emango dira, aisia, plazera eta ikasketak bateratzeko asmoari erantzunez.

Parte hartu nahi duenak Tolosako turismo-bulegora deitzea baino ez dauka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo