GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga | Informatikan ingeniaria

... eta e-mail gabe?

Nola biziko ginateke gaur e-mail gabe? Askok nola egingo genuke lan? Nola komunikatu? Nola antolatu? E-mail edo posta elektronikoak, zalantzarik gabe, askoren bizitzeko, lan egiteko eta komunikatzeko modua aldatu du, eta hortaz, gu geu ere aldatu gaitu, neurri batean edo bestean. Eta zein eragin izango dute Facebook eta gisako sare sozialek e-mailaren erabileran? E-maila noiz arte existituko da? Orain Facebook ari al da gure lan egiteko, bizitzeko eta komunikatzeko modua aldatzen? Baina... zerbaitek ordezka al dezake e-maila? Eta hala bada, desagertu baino lehen, e-maila ondo erabiltzen al dugu?

Badirudi e-maila erabiltzen ia nahigabe hasi ginela. Eta ez da harritzekoa, mezuak modu azkar eta erosoan bidaltzera ohitzea ez baita, inondik ere, kontu zail bat. Alegia, pertsonaren eta bere ezagutza edota abilezien arabera aldatu daitekeen arren, e-mailaren erabilera naturaltasun osoz gure egitea bere erabileraren sinpletasunari hertsiki lotuta dator. Horren atzean, ordea, badira kontatzen ez dizkiguten zenbait kontu konplikatu baina garrantzitsu, eta horiek dira, hain zuzen, erabilera erraz eta eroso hori erabilera seguru eta arduratsu bilakatzen dutenak: besteak beste, pribatutasunaren eta spam-aren kudeaketa egokia.

Pribatutasuna Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien eremuan nonahiko kezka edo kontzeptua da. Hau da, pribatutasuna e-mailetan, sare sozialetan, egiten ditugun bilaketetan edota beste edozein ekintza teknologikotan jokoan jar dezakegun gure intimitate teknologikoaren zati bat da. E-mailari dagokionean, pribatutasunaren mantentzearen garrantzia bi alde ezberdinetatik aztertu behar da, gutxienez. Batetik, e-mailean kontatzen dugunaren gaineko segurtasunari erreferentzia eginez eta, bestetik, gure eta besteen pribatutasuna mantendu eta errespetatzeko hartu beharreko neurriei dagokienez.

E-mailak idazten ditugunean, ordenagailu parean gaude, eta badirudi idazten duguna guk geuk soilik ikus eta irakur dezakegula. Inork idazten ikusi ez bagaitu eta `bidali' botoiari eman badiogu, guk nahi dugun hartzaileaz gain, inork ez omen du mezua irakurriko. Hori da jarrerarik arruntena, baina ezjakintasunaren eta uneko pertzepzioen gainean eraikitako jarrera da, zalantzarik gabe. E-mailak mezu elektronikoak diren heinean, informazio elektronikoa garraiatzeko erabiltzen dira eta informazio elektronikoa modu errazean gorde, prozesatu eta analizatu daiteke. Alegia, e-mailak ez dira sekretuzko mezu gisa ulertu behar, ez behintzat enkriptatze edo gisako segurtasun neurriekin mezua «ixten» ez badugu. E-mail arrunt eta «irekiak» hortaz, irekiak dira eta, makinen partetik bada ere, beti izango dira irakurriak. Eta ez ahaztu gure e-mailak Google, Yahoo eta gisako enpresen eskuetan uzten baditugu, informazio hori beraien eskuetan gelditzen dela, denbora luzez (kontaktuak, mezuak eta abar). Are gehiago, gobernu eta bestelako erakundeen eskariak ere jasotzen dituzte (Google-k 2009ko bigarren seihilekoan jasotako eskari kopurua publiko egin zuen, herrialdez herrialde).

Pribatutasunaren bigarren arloak e-mail helbideen zabalpenari egiten dio erreferentzia. Askotan jasotzen ditugu artikulu interesgarrien loturak, edo bideo deigarriren bat edota Donostiako radar berrien inguruko informazioa helarazten diguten mezuak. Gisa horretako mezuetan, kasurik gehienetan, guri bidali digunak norengandik jaso duen ere jakin ahal izaten dugu. Alegia, mezuan bertan, e-mail helbide andana ikusten dugu. Baita helbideak idazten diren tokian ere. Hau da, kasu honetan, mezuaren gorputzaz gain, e-mail helbideak dira irekian bidaltzen ditugunak eta horrek kontaktuen arteko loturak sortu eta spamerako helbideen bilketa erraza egitea ahalbidetzen du. Hortaz, kontaktu askori mezu bat bidaltzeko, `ezkutuko kopiak' edo `Bcc' erabili behar da. Hor jartzen ditugun helbideak ezkutuan garraiatuko dira eta ez dira, beraz, ikusgarriak izango (ez mezua jaso duten gainontzekoentzat ez eta spamerako erabiliko lituzketenentzat).

Eta arestian aipatu bezala, spama da e-mailen kudeaketa egokirako kontuan hartu beharreko beste kontzeptua. Spama desiratzen ez dugun e-mail bat da. Normalean ez dakigu nork bidali digun (izena ezezaguna delako), baina beste askotan gure kontaktu baten izenean iristen zaigu, gure kontaktu horrek horren berri izan gabe. Alegia, kontaktu horren e-mail helbidea erabili dute gure helbidera mezu bat bidaltzeko. Mezu horietan artxiboak, loturak eta dena delakoak iristen zaizkigu. Eta zer egin horrekin? Spamaren helburua mina egitea da: izan zure ordenagailurako ate ezkutu bat sortuz, izan zure informazioa lapurtuz edo deuseztatuz edo izan beste edozein txikikeria. Beraz, ez ireki artxiborik, ez exekutatu, ez zapaldu loturarik. Spama izan daitekeelako susmo minimo baten aurrean, ezabatu mezua, ahal bada, ireki ere egin gabe.

E-mailak, beraz, baditu kontuan hartu beharreko zenbait kontu. Gure lan egiteko moduaren ardatz bilaka daiteke, baina ondo erabili behar da. Gure komunikaziorako tresna garrantzitsu edo ia ezinbestekoa izan daiteke, baina modu egokian komunikatu behar gara. Badiote, gainera, Facebook, Tuenti eta gisako sare-sozialek e-maila desagerraraziko dutela, hauek argazkiak eta mezuak zabaltzeko bide berri bat ekarri baitute. Baina badira, noski, e-mailak aurrera egingo duela ikusten dutenak ere.

Edonola ere, desagertu edo ez, posta elektronikoa erabiliz bidaltzen ditugun mezu elektronikoak modu egokian bidali behar dira, gure eta besteen pribatutasuna errespetatuz eta jarrera segurua izanez. Eta Facebookek e-maila desagerrarazten badu, estrapolatu erabilera seguru eta arduratsua Facebookera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo