Ignacio Arenal Sanchez eta Lukarte Areskurrinaga Mirandona Miribillako D ereduaren aldeko Plataforma
Hezkuntza sistemaren hutsuneak
Duela lau urte matrikulatu genuen umea bi urteko gelan 2006-07 ikasturterako. Auzoko eskola publikoaren aldeko apustua egin genuen. Baina, hura ezustekoa, konturatzean A-eredua zela jaun eta jabe (soilik bi urtekoen talde bat zen D eredukoa eta beste guzti-guztia A eredukoa). Bertan HH eta LH ematen dute eta maila bakoitzeko bi talde daude. Bistakoa zen, baita ere, eskola ghettoa zela (gizarte-sektore baztertuen bilgunea, hain zuzen).
Hala ere, zenbait familiak bertan matrikulatu genituen umeak egoerari buelta ematen hasteko asmoz. Horrela, matrikularekin batera idazki bat bidali genuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailera eskola euskalduntzeko behar ziren baliabideak ezar zitzaten (eta harrezkero, beste dokumentu eta bilera batzuk izan ditugu egoera salatzeko eta irtenbideak galdegiteko).
Guraso elkartean bildu ginen. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako koordinakundearen eta hainbat elkarteren sostengua izan dugu (hezkuntza, kultura, euskara zein aisialdiko eragileena). Elkarlanean aritu izan gara guraso, D ereduko irakasle zein hezitzaile eta auzoko eragileak, lan polita lortuz. Administrazioa, ordea, ez da behar beste inplikatu eta hori ezinbestekoa da, batez ere, eskolaren ezaugarriak kontuan izanik.
Igaro dira lau urte eta... «usteak erdi ustel».
Argi dago eta argi utzi digute:
-Eskola-ghetto izaten jarraituko duela.
-A ereduak ez duela euskalduntzen.
-Ikasle mordoari ukatuko zaiola hemengo hizkuntza ofizialetako bat (euskara) ezagutzeko eskubidea.
-A eredua mantenduko dutela euskara ez dakiten irakasle funtzionarioak erretiratu arte.
-D ereduak ia euskaradun umerik gabe eta behar bezain indartze-neurririk gabe jarraituko duela martxan.
-Hezkuntza Sailetik euskalduntzea bermatzeko behar diren baliabideak jarri gabe jarraituko dutela.
-Hau ezin dela izan gure umeari dagokion eskola (jakina, ezta bertan geratuko direnei dagokiena ere.)
Beraz, duela lau urte umea matrikulatu genuenean, Administrazioari eskatutakoak erantzun seriorik ez duela jaso ikusirik, ulertzen dugu guk ere irten egin behar dugula. Nabarmena da azken hiru urteotan eskolako beste hainbat familiak (D eredua aukeratu zutenak) gauza bera egin izana. Euskal eskola publikoaren aldekoak garenez, inguru hurbileko beste eskola batean matrikulatu dugu umea 2010-11 ikasturterako.
Horrek guztiak frustrazio eta porrot kutsua ekarri badigu ere, egindako bidean hainbat altxor topatu ditugu eta ondo gordeta geratuko dira gure oroimen eta bihotz bazterretan. Berebiziko lekua izango duzue gure semearen gelako umeok, familiok eta lau urtez tutore izan zaren irakasle horrek; baita elkarrekin bizitako une gozoak eta jasotako kultura desberdinen aberastasun paregabeak ere. Esker mila urteotan, buruz buru, eskuz esku eta bihotzez bihotz, hurbil izan zaituztegun guztioi (Gite-Ipes elkartea, Palanka euskara taldea, Urtxintxa aisialdirako eskola, Panpotx kultur taldea, Bige, Goloka antzerki taldea eta euskarazko lerroa bultzatzen ari zareten familia, irakasle eta langileoi). Zuoi denoi, adiorik ez.